Ate joka datoz Salbideko jaiak

Aritz Mutiozabal

Salbideko jaietako auzo bazkaria. (Ian Ruiz Lizaso)

Bi asteburutan ospatuko dituzte auzoko festak. Larunbat honetan, besteak beste, kronoeskalada herrikoia jokatuko dute bigarren urtez. Datorren astean, txupinazoarekin batera, lau buruhandi berri aurkeztuko ditu jai batzordeak.

Euskal Jaiak atzean utzita, ate joka datoz Salbide auzoko festak. Datozen bi asteburuetan banatu dituzte ekitaldiak, eta, ohi bezala, bigarrena izango da indartsuena. Hala ere, larunbat honetarako ere egitarau dotorea antolatu du jai batzordeak: mus txapelketa, euskal dantzak, haurrentzako jolasak, erromeria... eta bigarren urtez jokatuko duten kronoeskalada herrikoia.

Salbideko parketik abiatuko dira parte hartzaileak banan-banan, 10:30ean hasita, eta Elkano auzoko bidegurutzean amaitu, San Blaseko malda igota. Guztira, ia hiru kilometroko ibilbidea osatuko dute, 225 metroko desnibelarekin eta %8ko batez besteko maldarekin.

Parte hartzeko interesa dutenek rockthesport.com atarian eman dezakete izena, 10 euro ordainduta;  bihar amaituko da inskripzio epea, 20:00etan. Aurten, gainera, berrikuntza batekin dator proba: hiru pertsonako taldeetan parte hartzeko aukera egongo da. Lehen emakumezkoak eta gizonezkoak saria jasoko dute, baita hirukoterik azkarrenak eta parte hartzailerik originalenak ere.

Bigarren asteburura begira, Salbideko jai batzordeak badu beste berritasun bat. Jaiei hasiera emateko txupinazioarekin batera, lau buruhandi berri aurkeztuko dituzte: Lasto, Asto, Maritxu eta Bartolo. Auzoko panpin eta ikur den Itturriren lagun zahar bezala aurkeztu dituzte sare sozialetan zabaldu duten bideo batean, eta irailaren 18an egingo dute estreinako agerraldia, bizilagunekin batera kalejiran murgiltzeko.

Gainerakoan, betiko ildotik ospatuko dituzte auzoko festak, eta ez dira faltako parrillada, auzo bazkaria, kontzertuak, txirrindulari txikien itzulia, toka txapelketa eta haur eta nerabeentzako jarduerak.

Egitaraua

Irailak 11, ostirala

  • 18:00. Auzo bazkariko tiketen eta kamiseten salmenta. Aldi berean, kronoeskaladako dortsal banaketa. 

Irailak 12, larunbata

  • 10:30. Salbideko II. Kronoeskalada herrikoia.
  • Ondoren, musika eta pintxoak.
  • Arratsaldean zehar, musika eta pintxoak.
  • 13:00 Euskal dantzak Jalgi dantza taldearen eskutik.
  • 16:00. Salbideko VI. Mus txapelketa. Izen-ematea 15:30etik aurrera; bikoteko 20 euro.
  • 17:00. Ingelesezko jolasak umeentzat, Say Yes!-ek eskainita.
  • 20:30. Bat Bitan taldearekin erromeria.

Irailak 18, ostirala

  • 18:00. Jaiei hasiera emateko txupinazioa, Itturriren eskutik, eta buruhandien aurkezpena.
  • Ondoren, kalejira pailazo, buruhandi eta erraldoiekin. Erraldoi txikiak gonbidatuta daude.
  • Arratsaldean zehar, haur jolasak auzoko zelaietan.
  • 19:15. Hamarru elektrotxaranga, txosnatik hasita.
  • 20:30. Parrillada txosna inguruan, Auzoak Bizirik talderaren eskutik.
  • 22:00. Kontzertuak: BZN, Malko eta Burutik.

Irailak 19, larunbata

  • 09.00. Diana, auzoa girotzeko.
  • Goizean zehar, haur jolasak auzoko zelaietan.
  • 10:30. Txirrindulari txikien itzulia, Salbideko parketik hasita. Amaitzean, txokolatada.
  • 12:00. Petit Circus zirku ikuskizuna, A & B Shows taldearen eskutik.
  • 13:00. Poteoa auzoan zehar, musikaz girotua.
  • 14.30. Auzo bazkaria. Bazkaloste girotua Beñat Intxauspe eta bere lagunen eskutik.
  • 18:00. Nerabeentzako jarduerak, Haize Orratz gaztelekuaren eskutik.
  • 18:30. DJ Bull, Gereziondo eta Amatxilili plazen artean.
  • 22.30 Kontzertuak: Mugi panderoa eta DJ Jaleo.

Irailak 20, igandea

  • 11:00. Hamaiketakoa guztientzat, auzoko elkartearen parean.
  • 11:30. Moto eta patinete txikien lasterketa. 3-4 urtekoak moto txikien lasterketa, eta 5-6 urtekoak, patinete lasterketa.
  • 12:30. Zarautztrik trikitilariak eta erraldoiak auzoa girotzen.
  • 13:00. Toka Txapelketa, haurrentzat eta helduentzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide