Euskal Sukaldaritza Berriak, 50 urte

Enara Ariznabarreta

Euskal Sukaldarritza Berriko sukaldariak eta liburuaren egileak. (Mantala)

Euskal sukaldaritza berria: atzo, gaur eta bihar liburua aurkeztu zuten atzo K5 Txakolina upategian. Andoni Beristain artista bisualak sortutako 50 irudik eta euskal gizartearekin lotutako 50 pertsonen esaldiek osatzen dute argitalpena.

Mantala Basque Gastronomyk, Basque Culinary Centerrek eta Hazi Fundazioak bultzatutako Euskal sukaldaritza berria: atzo, gaur eta bihar liburua aurkeztu zuten atzo K5 Txakolina upategian. Euskal gastronomia balioan jartzeko bultzatutako proiektuaren barruan sortu dute lan hau, duela bost hamarkada euskal sukaldaritza ulertzeko modua eraldatu zuen mugimenduari beste begirada bat eskaintzeko asmoz.

Aurkezpen editorial soil batetik harago joan zen ekitaldia, izan ere, Euskal Sukaldaritza Berriaren sorrera eta garapenean protagonismoa izan zuen belaunaldiari omenaldia egiteko baliatu zuten topaketa. Parte-hartzaileen artean Karlos Arguiñano, Pedro Subijana, Ramon Roteta, Tatus Fombellida, Elena Arzak, Martín Berasategui eta Hilario Arbelaitz izan ziren, urteurrenaren bueltan omendutako figurak. Halaber, Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia, Amaia Arguiñano, K5 Txakolina Upategiko ekitaldiaren anfitrioia, Miren Arzalluz Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria eta Toti Martínez de Lezea idazlea ere bertaratu ziren.

Andoni Beristain artista bisualak sortutako 50 irudik eta gastronomiarekin, kulturarekin eta euskal gizartearekin lotutako 50 pertsonen esaldiek osatzen dute Euskal sukaldaritza berria: atzo, gaur eta bihar liburua. Memoriaren eta orainaren, argazkiaren eta hitzaren, eta Euskal Sukaldaritza Berria izan zenaren eta gaur egun oraindik etorkizunera begira proiektatzen duenaren arteko elkarrizketa proposatzen du lanak. Mugimendu hark sukaldaritza berritzeko modua ez ezik, lan egiteko filosofia ere eraldatu zuten, sekretismoa alde batera utzi, ateak ireki eta ezagutza partekatzean, trukean eta elkarlaneko begiradan oinarritutako eredua sustatuz.

Liburua mahai-inguru batean aurkeztu zuten, Andoni Beristain irudien egilearekin, Imanol Zubelzu proiektuaren arduradunarekin, Elena Arzakekin eta Aitor Arregi sektore gastronomikoaren ordezkariarekin. Gainera, ekitaldia esku-hartze artistiko eta musikalekin osatu zen, euskal gastronomia kulturarekin, lurraldearekin eta sorkuntzarekin elkarrizketan jarri zuen belaunaldi hari egindako omenaldiaren parte gisa pentsatuta.

Jakitera eman dutenez, liburua laster egongo da eskuragarri Basque Culinary Centerreko online dendetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide