Euskal Asteko ekitaldi nabarmenetako bat herriko kultur taldeen emanaldia izan ohi da, zalantzarik gabe, eta aurten ere, zarauztarrek ez dute hutsik egin eta ikusmin handiz gerturatu dira hitzordura. Atzo arratsaldean, Euskal Jaietarako bi egunen faltan, Lege Zaharren Enparantza jendez bete zen, Sagardoa eta Txakoliña, zarauztarron sendakiña izenburupean aurkeztu zuten ikuskizunaz gozatzeko.
Miriam Mendoza eta Pako Serras kontalariek gidatu zuten emanaldia, eta sagardoaren eta txakolinaren inguruko datu historikoak, bitxikeriak nahiz pasadizoak kontatzen joan ziren. Azalpen eta azalpen artean, Goretti eta Iratxe Aranburu ahizpek eman zioten komedia ukitua, antzezpen laburrekin, eta txandaka, Zarautz Abesbatzak, Udaberri abesbatzak eta Gure Boza taldeak hainbat abesti abestu zituzten.
Era berean, Felix Zubia eta Aner Peritz bertsolariak kantuan aritu ziren, eta Jalgi dantza taldeko kideek hainbat pieza taularatu zituzten. Ikuskizuna, gainera, Goizeko Ihintza Txistulari taldeak eta Zarautztrik trikiti eskolako trikitilariek girotu zuten.