Txapelketa berezia jokoan, Shelter 4Teens-en hamargarren urteurrenean

Aritz Mutiozabal

Shelter 4Teens egitasmoa aurkeztu dute gaur goizean, Karlos Argiñano jatetxearen terrazan ondoan. (Aritz Mutiozabal)

Aurreko urteetako hamasei irabazle eta finalista gonbidatu dituzte open kategoria berrira, eta 5.000 euro egongo dira jokoan. Gainerakoan, urtero bezala, 14 urtez azpiko neskak eta mutilak, 10 urtez azpiko kategoria mistoa eta surf egokitua izango dira ostiraletik igandera, Borghetto parean.

Shelter 4Teens surf egitasmoa ospatuko dute harmagarren urtez asteburu honetan, irailaren 11tik 13ra, eta ekimenaren sustatzaile Aritz Aranburu surflaria ilusioz eta gogoz agertu da gaur goizean, Karlos Argiñaño jatetxearen terraza aurrean eginiko agerraldian. Borghetto ingurua surflari gazteentzako eta kirol egokituko ezinbesteko hitzordu izango da, beste urte batez, baina aurten, urteurrenaren harira, urrats bat gehiago eman eta open kategoriako txapelketa berezia antolatu dute, azken hamar urteetako irabazleen eta finalisten parte hartzearekin.

Guztira, hamasei surflari gonbidatu dituzte open txapelketarako, zortzi emakumezko eta zortzi gizonezko, eta 5.000 euroko saria egongo da jokoan. "Lehiakideak hortzak zorrozturik etorriko direla iruditzen zait. Duten onena emateko asmoz", aditzera eman du Aranburuk. Bertan, besteak beste Hans Odriozola eta Kai Odriozola donostiarrak, Iker Amatriain zarauztarra, Ane Loreiro asturiarra, Ibone Gomez sopeloztarra eta Kailani Oiarzabal hendaiarra. Lehiari ostiral goizean emango diote hasiera, eta igandera arte luzatuko da

Edonola ere, "harrobia sustatzea" da Shelter 4Teens ardatz nagusia. Alde batetik, 14 urtez azpiko neskak eta mutilak lehiatuko dira, eta irabazleek lau eguneko surf egonaldia lortuko dute, Aritz Aranburu, Indar Unanue, Iker Amatriain eta Rudy Palmboom surflarien gidaritzapean. Bestetik, 10 urtez azpikoak talde mistoetan ariko dira surfean, tag team formatuan; lehiaketaz harago, talde lana, elkarbizitza eta surfaz elkarrekin gozatzeko esperientzia sustatuko dute. Surf inklusiboaren aldeko konpromisoari eutsiz, kategoria egokitua igande eguerdian egingo dute, Laboral Kutxaren babesarekin. Orotara,160 surflari baino gehiagok hartuko dute parte aurten.

"Oso harro gaude"

"Hamar urte dira eta oso harro gaude. Urte hauetan guztietan, gainera, gure helburua ez da aldatu: beti nahi izan dugu gazteen artean surferako grina piztea eta itsasoarekiko harreman berezi bat sorraraztea. Hamar urte hauetan hainbat belaunaldi igaro dira guretik, eta horietako batzuk surflari profesionalak bilakatu dira eta beste askok surfaz gozatzen jarraitzen dute. Azken finean, gurea ez da txapelketa hutsera mugatzen, baizik eta askoz gehiago da". Surfaz ikasteko eta esperientziaz partekatzeko gunea dela nabarmendu du Aranburuk, egitasmoaren aurkezpenean.

Shelter 4Teens-ek erakunde publikoen eta hainbat babesleren laguntza izan du, eta gaurko agerraldian presente izan dira Jakes Agirrezabal Eusko Jaurlaritzako Turismo eta
Merkataritzako sailburuordea, Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Xabier Txurruka Zarauzko
alkatea eta Karmele Segura Laboral Kutxako Tokiko Komunikazioko arduraduna.

Guztiek bat egin dute kirol hitzordua "erreferente" dela gaur egun, eta, ildo beretik, transmititzen dituen balioak azpimarragarriak direla: surf inklusiboa, ingurumen eta jasangarritasun, parekidetasuna eta bizitza osasuntsua. Hori horrela, hamar urte hauetan eginiko lana zoriondu diote Aranbururi eta haren lantaldeari.

EGITARAUA

Irailak 11, ostirala
10:00-20:00. Open txapelketa, aurreko 4Teens edizioetako irabazle eta finalistekin.
13:00-23:30. Parrillada eta musika egun osoan.
21:00-23:30. DJ Mario Azurza.

Irailak 12, larunbata
08:00. 14 eta 10 urtez azpiko kategorien check-in-a.
08:00-19:00. Surf txapelketa: open, 14 urtez azpikoak eta 10 urtez azpikoak. 
13:00-23:30. Parrillada eta musika egun osoan zehar.
16:00-17:30. Haurrentzako jasangarritasun eta ingurumen tailerra.
21:00-23:30. Barrrk taldearen kontzertua.

Irailak 13, igandea
08:00-17:00. Surf txapelketa: open, 14 urtez azpikoak eta 10 urtez azpikoak. 
12:00-14:00. Surf egokituko kategoria.
17:00-18:00. Skate Txapelketa.
18:00-19:00. Sari banaketa ekitaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide