Zarauzko Euskaltzaleen Gazte Asanbladak (ZEGA) datorren larunbaterako antolatu du lehen asanblada. Hiruputzu gaztetxean bilduko dira, 12:00etan, eta herritarrei asanbladara batzeko deia egin diete. Euskaraz Bizi eguneko herri bazkarian aurreratu zuten lehen asanbladaren eguna.
Duela gutxi sortu zuten ZEGA, eta sare sozialetan eman zuten sorreraren berri bideo baten bidez. Asanbladaren sortzaileek adierazi zutenez, duela 50 urte Francoren erregimenak euskarari ezarritako debekuek bizirik jarraitzen dute, lege errepresiboen eta zapalkuntzetan gorpuztuta: "Hori garbi geratu da selektibitatearen inguruko erabaki judizialekin, baxoa euskaraz egiteko debekuekin eta Munduko Txapelketaren asimilazio nazionalarekin".
Horren aurrean gazteek badutela zer egin uste dute, eta Zarauzko egoeran egin dute azpimarra. Izan ere, Zarautz arnasgunea baldin bada ere, mehatxua agerikoa dela gogorarazi dute. "Salbu al gaude? Zarauztarren %73k badakite euskaraz, baina kale erabilera %50ekoa da. Gaztelania hutsean hitz egiten duten kuadrillak normaltzat hartu ditugu, eta zerbitzuen sektorean ingelesari euskarari baino garrantzi handiagoa ematen zaio".