Poztu gara hiru herritarrek egin duten proposamenarekin. Ordua etorri da zarauztarrok ere izan garenaren interpretazio zintzo bat entsaiatzeko. Bide horretan aipatzekoak dira, klasiko batzutatik aparte, Amagoia Gurrutxagak burutu duen diktadura garaiko ikerketa, Xabier Alberdiren lanak, udalak 750 urteurrenaren harira zabaldu zituen tomoak, edo berrikiago, herrian antolatu den OndHareZ taldea... lan asko dago eginda. Egia da gertaera batzuek nahiko isilpean jarraitzen dutela oraindik, adibidez, karlistada garaian Zarautzek saldu zituen lur sail zabalak nortzuk erosi zituzten, eta herriko jauntxoen eta agintarien kasta nola joan zen finkatzen ikertzeke dago oraindik.
Herri baten historia interpretatzea egin litekeen gauza zailenetako bat da, batez ere helburua aurretik mugatzen baduzu zera esanez: "Zarauztarrak harro sentitzea zarauztar gisa", zarauztarrok dena edo ia dena ondo egin bagenu bezala. Okerrago oraindik, zarauztarrok, historian zehar, erabaki funtsezkoenak hartzeko baliabideak beti gure eskutan izan bagenitu bezala. Foruak indarrez kendu zizkigutenetik zarauztarrak Espainiako Estatuaren interesen arabera bizitzera behartu ez bagintuzte bezala. Hor daude, aspaldiko morroitasunaren testigu, herriko armarriko gaztelua eta lehoia.
Espainiaren menpeko bihurtu aurretik noren babesean bizi ziren Zarautz eta zarauztarrak? Susmoa daukagu galdera horri ganoraz erantzungo dioten herritarrak ez direla gehiegi izango. Ez eskoletan, ez gizartean erakutsi zaigu gure historia. Interpretazio Zentroak urteetako lana izango luke arlo horretan.
Historia guztiak daude argiz eta ilunez josiak, eta zarauztarronak ere bai. Gure historiaren interpretazioan, errealitate positiboak bezala aztertu beharko lirateke ezkorrak izan diren pasarteak, gure ezinak eta beldurrak. Adibidez, zenbat beldur pasatu dugun azken diktadurapean Kale Nagusiko kuartelaren aurretik pasatzerakoan edo euskara debekatu zigutenean, zenbat amorru espainol izaera hartzera behartu gintuztenean, zenbat zarauztar bat eginda diktadurarekin auzokoa salatuz eta heriotzara kondenatuz. Denak zarauztarrak, eskaratze ondokoak, betiko bizilagunak.
Intepretazio zentroak argitu beharko du berrehun urtetik hona herriko kostalde ia guztia aberatsen eta aristokraziaren eskutan jarri izanaren zergatia, golfeko zelaiak zergatik saldu zituen herriak bi txanponen truke, herritar xumeek hitz erdi bat esatera ausartzen ez ziren bitartean. Orain "terreno privado" kartela normaltasun osoz irakurtzen dugu herriko hainbat bazterretan, baina herritarron jabetzako lurrak ziren duela ez urte asko, zarauztarren baimenik gabe saltzen joan zirenak. Trenbidetik itsasaldera eta trenbidetik mendialdera sortu dugun hirigintza zatiketak ere merezi du gogoetaren bat.
Interpretazioa zentroak udatiarren historiak bezainbat agerira ekarri beharko lituzke bertako herritarrei gertatutakoak; urteotako sekularizazio azkarra, herriko elizak ia hustu dituena. Espainiar aristokraziak sortu zigun nolabaiteko morrontza eta makurtze ideologia. Zergatik eta nola eman den aristokraziaren desagertze azkarra. Industrializazio urteak; ez bakarrik noiz, non eta zer lantoki eraiki ziren, baizik eta fabrika haien inguruan, etxeetan eta familietan jaio zen langile kontzientzia berria.
Familietan arazoak sortzearekin batera elkartasunaren eskola sozialak izan ziren txikiteo eta lagunarte amaiezin haiek. Baserriaren indar galtzea. Herriko gazteak hirurogeigarren hamarkadan antolatzen hasi ziren eskola sozialak. Errekak aprobetxatuz arropa garbitzeko sortu ziren labadero komunal haiek emakume zarauztarren bizitzan izan zuten garrantzia. Drogek sortutako triskantza, belaunaldi pare bat baliogabetu zituena. Musika Plazan guardia zibilek behin baino gehiagotan banatu zuten egur gupidagabea. Edo udaletxetik azken urteetan egin den turismoaren aldeko apustua: "Su vocación residencial, turística y de ocio" dogma gisakoa bihurtuz, industria eta nekazaritza bigarren lerrora eramanez.
Udatiarren historiak adina interesatzen zaigu jakitea Extremaduratik eta Galiziatik etorri zaizkigun pertsona horien bizipenak eta ametsak. Etxekoa egin dugun Txikiren familia tartean. Migrazioak ekarri dituen ondorioak aztertu behar dira irakaspenak ongi jasotzeko.
1975. urtean topo egin zuten zarauztarron bi arima politikoak. Francoren heriotzaren harira zarauztar multzo batek alkatearen ahotik horrela negar egiten zuen bitartean: "...el dolor embarga el ánimo porque nuestro Capitán durante cerca de cuarenta años se nos ha ido... la figura extraordinaria de Francisco Franco permanecerá siempre en nuestro recuerdo...”. Egun batzuk geroago lau zinegotzik alderantzizko eskaera egin zuten: "En estos primeros pasos hacia la democracia, nada sería mejor recibido por el pueblo de Zarautz que una amplia amnistía que beneficie a presos políticos y exiliados". Batzuk diktadura goratuz, beste batzuk amnistia eta demokrazia eskatuz. Hori ere izan da zarauztarron historia. Gaur, oraindik, beldurrez erakusten da herriko eskoletan Euskal Herriaren mapa edo esplikatzen da Euskal Herriaren historia. Beti begi bat jarrita Madrilen nork aginduko duen zelatan. Hori ere bada gure historia.
Anekdotekin eta gertaeren seriazio hutsekin ez da gure iragana esplikatuko. Zergatiak arakatu behar dira. Gure burua interpretatzerakoan iritsi garen maila ulertzeko aski dugu gogoratzea duela 60 urte gertatu zena herriko harategi batean. Ilaran zain egon beharrean txanda pasatu nahi zuen udatiar lotsagabe samar batek. Haserre, zain zegoen emakume zarauztarrak horrela esan zion harakinari: "Haizan! Ni urte guztian nitxion hemen; hau udan bakarrik. Hik ikusi!". Harakinak, orduan, herritarra atenditu zuen. Beraneanteak horrela esan omen zuen: "¡Ay! cómo está cambiando Zarautz!".
Oraintxe jakin dugu Gran Hoteleko nagusiek, bringeondarrek, nola artatzen zituzten hotelean Humberto de Saboya, Fabiola eta Balduino, Albako dukesa, Marlene Dietrich, Jaqueline Kennedy, Deleitosako markesa edo Francoren emaztea, beste askoren artean. Bakoitza bere identitate propioarekin etortzen zen, eta hala ezagutzen genituen. Ez genekiena zen Gran Hoteleko jabeak euskaldunak zirela, iparraldekoak; frantsesak zirelakoan bizi izan gara denbora guztian. Atzerriko jauntxoen eta burgesen identitateak ondo ezagutzen genituen bitartean, etxekoena ezagutu gabe bizi izan gara.
Harategiko udatiar lotsagabe hark esan zuen bezala, horixe aldatu dela Zarautz eta aldatu garela zarauztarrak eta balizko Interpretazioa Zentroa aldaketa guzti horien neurrikoa izatea nahiko genuke.