Euskal Astea 2026

Maila bikaina erakutsi dute etxeko bolari eta tokalariek Euskal Asteko txapelketan

Julene Sorarrain

Euskal Asteko Bola eta Toka Txapelketako irabazleak. (Bol&Tok)

Zarauzko Euskal Astearen barruan, Bola eta Toka Txapelketa jokatu zuten atzo goizean, Zelai Ondoko bolatokian. Gipuzkoa osotik etorritako bolari eta tokalariek parte hartu zuten hitzorduan, eta azpimarratzekoa izan da Bol&Tok klubeko kideek bertan erakutsitako maila. 

Gipuzkoa osotik etorritako 51 bolari eta 35 tokalari bildu ziren atzo goizean, Zelai Ondoko bolatokian, Euskal Asteko Bola eta Toka Txapelketan parte hartzeko. Goizeko 08:30ean hasi ziren probekin, eta behin motorrak berotuta, 09:30ean eman zioten hasiera txapelketari. Giro onean eta hainbat berdinketa hautsi ondoren, bai bolan bai tokan, sailkapenak honako hauek izan ziren.

Bolan, emakumezkoen kategorian, Elena Aldaz nagusitu zen. Bigarren postua, berriz, Nerea Uriarterentzan izan zen. Gizonezkoen kategorian, Enrike Lopetegi gailendu zen; bigarren Aner Minerrek egin zuen, eta hirugarren postua, Saigots Iglesiasentzat izan zen. Laugarren Xabier Lazkanok amaitu zuen, eta herriko lehen sailkatua Xanti Zumeta izan zen. Federatu gabeko parte hartzaileen artean, lehenengo postua Eneko Illarramendik lortu zuen.

Tokan, emakumezkoetan Nekane Etxeberriak jantzi zuen txapela, eta bigarren postua, berriz, Elena Aldazentzat izan zen. Gizonekoetan, Iosu Lazkanok irabazi zuen; bigarren postua Roberto Ostolazarentzat izan zen, hirugarrena Jose Antonio Almiranterentzat, eta laugarrena Jose Antonio Amundarainentzat. Herriko lehen sailkatua Txema Fernandez izan zen, eta ez-federatuetan, berriz, Crisanto Cortes.

Emaitza horiek ikusita, Zarauzko Bol&Tok klubeko bolari eta tokalarien maila ona azpimarratu nahi izan dute antolatzileek. Izan ere, bolan, klubeko kide diren Aldaz eta Uriarte izan ziren irabazleak emakumezkoetan, eta Lopetegi gizonezkoetan. Tokan ere, klubeko Aldazek eta Ostolazak bigarren postua lortu zuten kategoria bakoitzean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide