DYAk lehen sorospenen inguruko hainbat jarduera antolatu ditu irailerako eta urrirako

Enara Ariznabarreta

DYAren ikastaro bat. (Utzitakoa)

Irailean doako bi jarduera eskainiko dituzte. Urrian, berriz, 30 orduko lehen sorospen ikastaroa egingo dute, eta 120 euroko kostua izango du.

DYAko Irakaskuntza Eskolak hainbat jarduera antolatu ditu ongizatea eta osasuna sustatzeko helburuarekin. Jarduera guztiak herritar orori irekiak izango dira, eta DYAren Zarauzko ordezkaritzan egingo dira, Iturribidea kaleko 12-14 zenbakian, behean.

Lehen jarduera Suspertze eta Desfibrilagailu tailerra izango da, doakoa izango da eta irailaren 18an egingo dute, 18:00etatik 20:00etara. Bertan, parte-hartzaileek bihotz-biriketako suspertze (BBS) teknikak eta kanpoko desfibrilagailu erdi-automatikoa (KDA) erabiltzen ikasiko dute. Jarduera edozein adinetako herritarrei zuzenduta dago, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik osasun arloko prestakuntzarik izatea.

Irailaren 25ean, berriz, Ohiko Larrialdiei buruzko hitzaldia emango dute, doan,18:00etatik 20:00etara. Saioa larrialdi baten aurrean jarduteko PAS protokoloarekin —babestu, abisatu eta sorotsi— hasiko da, eta egunerokoan gerta daitezkeen hainbat egoeratan nola jokatu azalduko dute. Besteak beste, arnasbidearen buxadura, hemorragia larriak, erredurak, gorputz arrotzak, bihurridurak, hausturak eta luxazioak, toraxeko eta abdomeneko traumatismoak, bularreko mina, konbultsioak eta kontzientzia-galerak landuko dituzte.

Azkenik, Lehen Sorospenen 30 orduko ikastaroa eskainiko dute urriaren 10etik 25era, larunbat eta igandeetan, 09:00etatik 14:00etara. Prestakuntzan egunerokoan aurki daitezkeen arrisku eta larrialdi ohikoenak landuko dituzte, besteak beste, bihotz-biriketako suspertzea, zauriak, hausturak eta erredurak. Gainera, ikasleek Sorospen Titulua eskuratzeko aukera izango dute, ikastaroaren amaieran egingo diren kalifikazio-probak gaindituz gero. Matrikularen prezioa 120 eurokoa izango da.

Jarduera guztietarako lekuak mugatuak izango dira, emango den prestakuntzaren kalitatea bermatzeko asmoarekin. Informazioa jasotzeko edo izena emateko, 943-46 46 22 telefonora deitu daiteke edota DYA Gipuzkoaren webgunera jo.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide