Euskal Astea 2026

270 dantzarik parte hartuko dute biharko haur dantzarien bilkuran

Intza Trula

Haurrak iazko dantzarien bilkuran. (Aritz Mutiozabal)

Haurren Euskal jai eguna da bihar, eta, tartean, dantzarien bilkurak hartuko du herria. Emanaldi nagusia 13:00etan izango da Lege Zaharren Enparantzan, baina haurrak goizetik ibiliko dira kaleak dantzaz janzten.

Haurren Euskal jai eguna da bihar, eta herritarrak festari ekiteko pronto daude jada. Egitarau oparoa prestatu du Zarauzko Udalak egun osorako, eta, tartean, urtero legez, haur dantzarien bilkura egingo dute.

Jalgi dantza taldearekin batera, beste bost herritako taldeak izango dira aurtengo hitzorduan: orotara, 270 haur elkartuko ditu hitzorduak. Zehazki, Zarauzkoaz gain, Gabiriako, Oñatiko, Mutrikuko, Zumarragako eta Usurbilgo dantza taldeek parte hartuko dute bilkuran. 

Egitarauari dagokionez, 10:30ean elkartuko dira talde guztiak Lege Zaharren Enparantzan. 11:15ean, dantzariek agintariarena eta agurra dantzatuko dituzte, eta ondoren kalean zehar ibiliko dira. Hiru ibilbide ezberdin egingo dituzte, eta ibilbide bakoitzean hiru geldialdi egingo dituzte: Lehenengo ibilbidea Musika Plaza, Santa Marina kalea eta Astazubi enparantza izango da; bigarrena, Udaberri elkartea, Torre Luzea eta Musika Plaza; eta, hirugarrena, Torre Luzea, malekoia eta Frontoi Txiki.

Emanaldi nagusia, ordea, eguerdian izango da, 13:00etan. Ikuskizun bateratua eskainiko dute dantzari guztiek Lege Zaharren Enparantzan, eta zazpi dantza eskainiko dituzte: Txulalai, Txontxongilo, zinta dantza, banakoa, fandango eta arin-arina eta Jalgi dantza. Amaitzean, bazkaltzera joango dira.

Horrez gain, Haurren Euskal Jai egunaz gozatzeko, besteak beste, musika emanaldiak eta puzgarriak ere egongo dira. Hain justu, hau da eguneko egitaraua:

Bihar, igandea, Haurren Euskal Jai Eguna

  • 10:30. Dantzarien bilkura, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 11:00. Kalejira, Imanol Urbieta musika eskolako txistulari eta trikitilariekin.
  • 11:15. Dantzariek Agintariarena eta Agurra dantzatuko dituzte, eta kalean ibiliko dira.
  • 13:00. Dantzarien harrera eta emanaldia, Lege Zaharren Enparantzan (euria bada, kiroldegian).
  • 13:30. Haurrak familietan banatuko dira bazkaltzeko, Lege Zaharren Enparantzan (euria bada, kiroldegian).
  • 17:30. Kalejira Musika Plazatik Iñurritzara buruhandi, erraldoi, Zarautztrik eta Kitadelpare txarangarekin. Ondoren, dantzarien bilkura Iñurritzan.
  • 18:00. Puzgarriak, Iñurritzan.
  • 18:15. Itzal taldearekin erromeria, Iñurritzan.
  • 20:00. Kalejira, Iñurritzatik Musika Plazara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide