Sosegurako bide izan diren urmargoak, Lukasen erakusgai

Intza Trula

Monika Arozenak sortu du At Mo´s Ferak izeneko margo bilduma. Akuarelekin sortzeak "barruko korapiloa askatzen" lagundu diola aitortu du zarauztarrak.

Monika Arozena Eizmendi zarauztarraren margolanak dira egunotan Lukas ardotegiko hormak apaintzen dituztenak. Bi dozena piezek osatzen dute At Mo´s Ferak izenburudun bilduma, eta, horien artean, itsasoa, mendia eta koloreak dira protagonistak.

Akuarela erabili du Arozenak mihiseak margotzeko, eta teknika hori lantzen urteak daramatzala eman badezake ere, egileak aitortu du gehienbat azken urtean murgildu dela mundu horretan. Ondoren, bere lanetan inspirazio iturri izan dituen pare bat emakumeren kontuak aurkitu zituen sare sozialetan, eta haiei jarraiki hasi zen "serioago" sortzen. Alegia, autodidakta da, eta egunetik egunera, eginaren eginez, ari da ikasten.

Arozenaren esanetan, pintzela hartu, busti eta mihisearen gainean margotzeak "lasaitu" egiten du. "Ohartu nintzen teknika honek ez ninduela frustratzen", kontatu du. Kontrara, sortzen hasten denean prozesuaz gozatzen duela dio, "emaitza zein izango den pentsatu gabe". Urmargoek "koloreekin jolasteko" aukera eskaintzen diote, "iragarrezinak" dira, eta aitortu du horrek "izugarrizko bakea" ematen diola.

Lukas ardotegian eskegi dituen pieza gehienek naturarekin lotura dute era batera edo bestera, eta hori ere ez da kasualitatea. Koloreekin bezala, itsasoarekin edota mendiarekin ere "barruko korapiloa askatzea" lortzen du Arozenak.

Hainbat hilabete eman ditu zarauztarrak At Mo´s Ferak bilduma sortzen: "Pintura batzuk lehen saiakeran gustatu izan zaizkit, baina beste batzuk lau aldiz ere egin behar izan ditut".

Ezagutzera ematea

Margolan gehiago ere eginak ditu Arozenak, baina horiek ez dira inoiz areto edota tabernaren batean ikusgai egon. "Gorde eta gorde" egin izan ditu, etxean, bere sortze txokoan. Egun batean, ordea, txakurrarekin paseoan zihoala, taberna baten aurretik igaro, eta bere lanak jarriko lituzketen galdetzea pentsatu zuen. Horrela atera zituen lehen aldiz margolanak etxetik, eta, orain, Lukas ardotegira eraman ditu.

Aipatu margolanak ikusi dituen jendearengandik jaso dituen iritziak "oso onak" direla dio, eta horrek asko pozten du. "Norbaiten sentsibilitatea ukitzea oso gauza polita da". Horregatik, "argi eta garbi" du sortzen jarraituko duela.

At Mo´s Ferak erakusketa irailaren 18ra bitartean egongo da ikusgai Lukas ardotegian, tabernaren ordutegian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide