Euskal Asteak bide erdia egin du, eta irailaren 9ko Euskal Jai egunaren baimenarekin, asteburu honetan izango dira asteko bi hitzordu garrantzitsuenetakoak: alde batetik, Euskaraz Bizi eguna, eta bestetik, Haurren Euskal Jai eguna. Horiez gain, izango dira beste jarduera eta txapelketa batzuk ere egunotan.
Euskal Herrian Euskarazen (EHE) ekimenez, Euskaraz Bizi eguna ospatuko dute bihar, eta egun osoan zehar izango dira ekitaldiak. AEK-k antolatuta, euskararen aldeko lasterketarekin ekingo diote egunari, 11:00etan, Musika Plazan. Parte hartu nahi duten herritarrek tokian bertan eman beharko dute izena, kiosko ondoan jarriko duten postuan, 10:00etatik aurrera; izen emateak zortzi euro balioko ditu pertsonako.
Lasterketaz aparte, herri bazkaria egingo dute eta aurtengo manifestua irakurri, eta arratsaldean, 18:00etan, kalejira izango da. Iluntzean, berriz, Ziztada & Rlantz bikotearen emanaldia izango da malekoiko txosnagunean.
Igandean, Haurren Euskal Jai egunean ere bereziki beraientzat prestatutako askotariko ekintzez gozatzeko aukera izango dute herriko umeek hainbat txokotan. Urtero bezala, Dantzari Txikien Bilkura egingo dute goizean, eta Jalgi dantza taldeak hartuko du parte bertan, beste hainbat talderekin batera. Lege Zaharren Enparantzan elkartuko dira 10:30ean, eta kalez kale dantzan aritu ondoren, 13:00etan eskainiko dute talde guztiek elkarrekin emanaldia leku berean; azken urteetan Munoa plazan egin izan dute, baina malekoiko obrak direla medio, aurten lekuz aldtau dute.
Arratsaldean, ohiko kalejira egingo dute haurrek Musika Plazatik Iñurritzara, 17:30ean, buruhandiekin, erraldoiekin, Zarautztrik taldeko trikitilariekin eta Kitadelpare txarangarekin. Dantza egiteko aukerarik ez da faltako Iñurritzan, Itzal taldearen eromeriarekin, eta, halaber, haur zein nerabeentzat puzgarrik jarriko dituzte.
Txapelketen hari luzea
Bestalde, hainbat lehiaketa eta erakustaldi egiten ari dira Euskal Astearen barruan. Jone Arriaran eta German Aranburu azpeitiarrek irabazi dute hirugarren urtez jarraian Helduen Binakako Dantza Txapelketa; Gazteen Binakako Dantza Txapelketa, berriz, atzo arratsaldean izan zen, baina edizio hau ixterako oraindik jokoan zen. Bihar, 11:30etik aurrera, Aurresku Txapelketaren txanda izango da, eta, guztira, hamabi dantzari ariko dira lehian Lege Zaharren Enparantzan.
Plaza horretan bertan, trikiti jaialdia ospatu zuten heregun, Zarautztrik trikiti elkarteko hainbat kideren parte hartzearekin. Emanaldi ederra egin zuten, eta herritar ugari bertaratu zen saioaz gozatzera. Ziur Aritzbatalde pilotalekua ere beteko dela bihar, 18:30etik aurrera, Euskal Asteko pilota jaialdiarekin. Ives Salaberri Xala izango da ZKE Pilota atalak eta Zarauzko Udalak antolatutako hitzorduko gonbidatu berezia, eta sarrera doakoa izango da.
Kirolarekin jarraituz, Zelaiondoko Bol&Tok kirol klubak Euskal Jaietako Bola eta Toka Txapelketa antolatu du iganderako. 09:30ean hasiko dira lehiatzen, baina parte hartzaileek 10:30era arte izango dute izena emateko aukera. Ohi bezala, Zelai Ondoko bolatokian jokatuko dute etziko txapelketa.