Euskal Astea 2026

June Aguado eta Ibai Izagirre nagusitu dira gazteen binakako dantza txapelketan

Enara Ariznabarreta

Billabonako eta Segurako bikotea nagusitu zen atzo Gazteen Binakako Txapelketan. Garaipena eskuratzeaz gain, jantzi egokienaren saria ere bereganatu zuten.

Bikote Gazteen Dantza Txapelketa jokatu zuten zortzi dantzari parek atzo arratsaldean, Lege Zaharren Enparantzan. Eguraldia lagun, herritar mordo bat hurbildu zen plazara dantzaz gozatzera, eta bikoteek arin-arina eta fandago pieza bana dantzatu zituzten. Erakustaldi bikaina eskaini zuten gazteek, eta June Aguado billabonarrak eta Ibai Izagirre segurarrak eskuratu zuten garaipena. Horrez gain, jantzi egokienaren saria ere bereganatu zuten.

Elene Astiazaran eta Laiene Ezama azpeitiarrak sailkatu ziren bigarren, eta Naroa Del Rio tolosarra eta Aner Lasa zizurkildarra hirugarren. 12 urte artekoean artean, ongien sailkatutako bikotea Hegoa Etxeberria azpeitiarra eta Aritz Atxukarro errezildarra izan ziren.

Euskal dantzen inguruko Euskal Asteko lehiaketak bihar bukatuko dira, Aurresku Txapelketarekin. Eguerdian jokatuko da, 11:30ean hasita, Lege Zaharren enparantzan, eta hamabi dantzarik hartuko dute parte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide