Adur Amatriain: "Askatasuna ematen zidan surfak, eta horren falta nabaritzen dut"

Intza Trula

Adur Amatriain surflaria, Zarauzko malekoian. (Intza Trula)

Apirilean egin zioten ebakuntza Adur Amatriaini, ezker orkatilan izandako lesioa sendatzeko. Geroztik, lehorrean ari da lanean, uretara itzultzeko errehabilitazioa egiten.

Ezkerreko orkatilan izandako Maisonneuve lesioak gelditzera behartu du Adur Amatriain surflaria (Zarautz, 2003). Apirilean egin zioten ebakuntza, eta ordutik errehabilitazioa egiten ari da. Ez du olatuetara korrika eta presaka itzuli nahi, eta, horregatik, osatze prozesuaren etapa guztiak behar den bezala jarraitzen ari da.

Surfa albo batera utzi behar izan zenuen orkatilan izandako lesio baten ondorioz. Hilabete batzuk igaro dira ebakuntzatik. Zer moduz zaude?

Kolpe gogorra jaso nuen diagnostikoarekin. Izan ere, azken honen aurretik beste hainbat lesio izan nituen aurreko urteetan, eta azken honen berri izan nuenean, zera pentsatu nuen: "Berriro ere hona itzuli naiz". Hala eta guztiz ere, gaur-gaurkoz, esan dezaket uste nuena baino hobeto joan direla hilabete hauek. Mina hartu aurretik hilabeteak neramatzan ia etxean egon gabe, alde batera eta bestera, atsedenik hartu gabe, eta onerako zein txarrerako, azken lesio honek gelditzera behartu nau. Etxean eta etxekoekin egoteko aukera izan dut, eta horrek arindu egin du prozesua.

Denboraldi honetan Challenger Series txapelketan parte hartzeari uko egin zenion. Nola gogoratzen duzu une hura?

Medikuek gomendatu zidaten denboraldi honetan ez lehiatzeko, eta neure buruak ere bai. Adituek lesio honen errekuperazio epeak azaldu zizkidaten lehen momentutik, eta berehala ohartu ginen aurreikusita nituen lehen bi txapelketetara aurkeztea ezinezkoa izango zela, eta hurrengo bietara ez nintzatekeela %100 helduko. Egoera ikusita, iritzi bera genuen bai nik eta bai medikuek: txapelketetara ez aurkeztea, alegia. World Surf League (WSL) erakundearekin hitz egin nuen erabakia hartu aurretik, eta, nire pozerako, esan zidaten saiatuko zirela datorren urterako lekua gordetzen. Horrek asko erraztu zuen erabakia.

Nola onartu zenuen errealitate hori zure ibilbideko unerik gozoenetako batean egonda?

Onartu egin nuen, besterik gabe, eta argi nuen oraingo honetan ez nituela gauzak korrika eta presaka egin nahi. Duela urte batzuk izandako lesioetan horixe egin nuen, ahalik eta azkarren itzuli, eta horren ondorioz, berriz geratu behar izan nuen beste bi alditan.

Eta erabakia jendaurrean zabaltzean, zer sentitu zenuen?

Zama handia kendu nuen gainetik, zalantzarik gabe. Nire errekuperazioan zentratzen hasi nintzen hortik aurrera, txapelketen edota kanpoko beste faktoreren baten presiorik sentitu gabe.

Zaila egiten ari al zaizu jokatu ezin izan dituzun txapelketak etxetik ikustea?

Lesio honen alderik gogorrena hori izan dela esango nuke. Lagunak uretan ikusteak barrenak mugitzen dizkit, eta "nik hor egon beharko nuke" datorkit beti burura. Dena den, badakit sentimendu hori prozesu honen parte bat dela, erabat normala dela, eta alderantziz izango balitz, kezkatzeko zerbait izango litzatekeela. Hau da, garrantzitsua da niretzat uretan egotea, eta hori da gainerakoak uretan ikustean sentitzen dudana. Horri lotuta, esan nahi dut zoragarria dela txapelketa bat kanpotik jarraitzea, nire lagunak guztia ematen ikustea.

Ba al duzu Challenger Seriesen faboritorik?

Ez dago Challengerren, CT kategorian baizik, aurrenengo mailan: Nadia Erostarbe. Asko ari naiz jarraitzen bere ibilbidea. Surflari guztion ametsa betetzen ari da, gauza oso politak ari da egiten. Gainera, gertuko pertsona bat da, herrikoa, eta inspirazio bat, niretzat.

Errehabilitazioa egiten ari zara. Zer moduz doaz saioak?

Errehabilitazioan hasi nintzen unetik hona, onera egin du denak. Egunetik egunera pauso txikiak ematen ari naizela sumatzen dut, eta horrek asko motibatzen nau. Uretara sartzen hasi naiz jada, hasiberri baten taularekin. Apurka-apurka ari naiz, baina dagoeneko uretan egotea aurrerapauso erraldoia da niretzat. Tratu oso ona ari naiz jasotzen fisioterapeuten eta medikuen aldetik, eta oso eskertuta nago.

Prozesuaren zein alde da garratzagoa, mentala ala fisikoa?

Mentala. Adibidez, uretara sartzera iritsi naiz duela gutxi, eta hori oso albiste ona da, baina, era berean, ikusi dut oraindik bide luzea dudala aurretik. Hala eta guztiz ere, prozesuan sinesten dut, eta diziplinarekin eta lanarekin, badakit itzultzea lortuko dudala.

Surfa beste modu batera begiratzen ikasten ari zarela esan al daiteke?

Agian, bai. Lehen, nire egitekoetan besterik ez nintzen zentratzen, eta orain, gainerako surflariak eta txapelketak ikusteko denbora hartzen ere ari naiz. Asko ikasten da besteei erreparatuta.

Zeren falta sumatzen duzu min hartu zenuenetik?

Askatasuna ematen zidan surfak, eta horren falta nabaritzen dut. Sekulako luxua zen: edozein unetan taula hartu, eta uretara sartzen nintzen, nire munduan murgildu. Niretzat, surfa ez da kirol soil bat, ondo egoten laguntzen didan zerbait baizik. Olatu on bat hartzean malkoak ere atera izan zaizkit.

Denbora gutxi falta al da sentimendu hori berreskuratzeko?

Geroz eta gertuago ikusten dut itzulera eta bide onetik noala sentitzen dut. Negurako ehuneko ehun egotea gustatuko litzaidake.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide