Bigarren urtez, Euskal Asteko trikitixa jaialdia ospatuko dute gaur Lege Zaharren Enparantzan, 19:00etan hasita. Euria eginez gero, emanaldia Modelo aretora lekualdatuko da. Iaz, lehen aldiz, txapelketaren ordez jaialdia egitea erabaki zuten, izan ere, parte hartzea beherantz zihoan urtetik urtera. Horregatik, udalak egitasmoari lehia kutsua kendu eta kutsu ludikoa ematea erabaki zuen, Zarautztrik trikiti elkarteko kideei protagonismoa emanez.
Adin ezberdinetako hamabost trikitilari igoko dira oholtzara, binaka zein hiruko taldetan, eta pieza ezagunak jo nahiz abestuko dituzte. Amets Etxaidek, Oihane Etxaidek eta Haitz Lertxundik, Eneritz Zapirainek, Aratz Olaizolak, Jaione Eskuderok, Larraitz Oñatibiak eta Lierni Alkainek, Kris Solanok eta Iruztak, Lanberrik eta Aldalurrek, eta Oier Illarramendik, Ioritz Txapartegik eta Aitzol Txapartegik plaza musikaz beteko dute.