AEK-k antolatuta, euskararen aldeko herri lasterketa egingo dute hilaren 5ean, larunbatez, eta herritar oro animatu dute parte hartzera. Euskaraz Bizi egunaren barruko ekitaldia izango da, 11:00etan hasita, eta Musika Plazan izango du abiapuntua.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, parte hartu nahi duten korrikalariek egunean bertan eman beharko dute izena, Musika Plazan jarriko duten postu batean. Horretarako aukera lasterketa baino ordubete lehenago zabalduko dute; 10:00etan, alegia. Izen emateak zortzi euro balioko ditu.
Ibilbidea ondorengoa izango da: Musika Plaza - Kale Nagusia - San Frantzisko kalea - Hondar kalea - malekoia - Aresti kalea - Maria Etxetxiki kalea - Lapurdi kalea (bidegorria) - Gaztainpe kalea (errepidetik) - Zigordia kalea - San Frantzisko kalea - Kale Nagusia - Musika plaza.
Lasterketaz aparte, egun osoko festa antolatu dute: bazkaria, kalejira eta musika emanaldiak egongo dira. Zehazki, hau da egun horretako egitaraua:
- 11:00. Euskararen aldeko herri lasterketa AEK-k antolatuta.
- 14:30. Euskararen aldeko herri bazkaria.
- 18:00. Kalejira abesti jartzaileekin kalean zehar.
- 22:30. Ziztada & Rlantz txosnagunean.