Zarauzko Udalak eta Kirola Zarautzek 2026-2027 ikasturterako zarauzko herritarrei zuzendutako hainbat jarduera fisiko eta kirol programa antolatu dituzte, Aritzbatalden. Gazte, adineko eta helduentzako aukerak eskainiko dituzte, urrian hasi eta ikasturtean zehar jarduera fisikoa sustatzeko helburuarekin.
Gaztefit programa 12 eta 15 urte bitarteko zarauztarrei zuzenduta dago, eta 50 minutuko saioak egingo dituzte astelehen eta asteazkenetan, 17:00etan. Urriaren 1ean hasiko da, eta izena emateko epea irailaren 1etik 15era egongo da zabalik.
65 urtetik gorako herritarrek, berriz, Senior programan parte hartzeko aukera izango dute. Saioak astelehenetik ostiralera egingo dituzte, 10:30ean, 11:00etan eta 11:30ean, eta urriaren 1ean hasiko dira. Programa honetan izena emateko epea irailaren 18tik aurrera egongo da zabalik.
Aniztasun funtzionala dutenei begira, beste hiru jarduera ere antolatu dituzte. Egokifit saioak astearteetan egingo dituzte, 17:30ean hasita, eta 16 urtetik gorako zarauztarrei zuzendutako 50 minutuko saioak izango dira. Udal programa hau urriaren 6an hasiko da, eta izena emateko epea irailaren 1etik 8ra izango da.
Bestalde, Ur Egokifit programak 40 minutuko saioak eskainiko ditu astelehenetan eta asteazkenetan 17:35ean, eta ostiraletan 17:10ean. Urriaren 5ean hasiko da, eta Egokifit programaren epe berean eman ahal izango da izena.
Azkenik, herritarrek Izurde programaz gozatzeko aukera ere izango dute. 3 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako jarduera da, eta ostiraletan egingo dituzte 45 minutuko saio indibidualizatuak, 17:00etatik 19:15era bitartean. Programa urriaren 2an hasiko da, eta izen-ematea irailaren 1etik 8ra egin ahal izango da.
Informazio gehiago Kirola Zarautzen bidez eskuratu daiteke, 943 00 51 23 telefono zenbakira deituta edota kirola@zarautz.eus helbide elektronikoaren bitartez.