Zarauzko Merkasaretza Merkataritza Laguntzarako Zerbitzuak herriko merkatariei zuzendutako bi laguntzen berri eman du. Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailak bideratzen ditu aipatu laguntzak, eta eskaerak egiteko azken eguna irailaren 15a izango da; epea lehenago amaitu daiteke funtsak amaitzen baldin badira.
Alde batetik, merkataritza establezimenduak modernizatzeko MEC laguntza dago. Azpiegitura eta ekipamendua berritzeko, gutxienez 3.000 euroko inbertsioa eskatzen da (BEZ barne), eta teknologia berriak eta berrikuntza sartzeko, gutxienez 1.000 euroko inbertsioa (BEZ barne). Diruz lagundu ahal izango dira 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 15era bitartean egiten diren inbertsioak, biak barne, edo, hala badagokio, kreditua agortu arte egiten direnak.
Bestetik, MerkaEkin laguntza dago, ekintzaile berriei eta merkataritza jarduera berriak, negozio-lerro berriak edota enpresa berriak sortzen laguntzen duten dibertsifikazio-prozesuak gauzatzen dituzten saltokiei zuzendua. Diruz lagundu daitezkeen ekintzak (negozio-planak egitea eta inbertsioak egitea) 2026an zehar egin beharko dira.
Diru laguntzen inguruko informazio zabalagoa nahi duenak Merkasaretza zerbitzuarekin harremanetan jarri daiteke, gatc@zarautz.eus helbide elektronikoaren bidez.