Emakume sortzaileen lana eta jarduna, argitara

Aritz Mutiozabal 2026ko abuztuaren 29a

Eguraldi ederra lagun, IV. Emakume Sortzaileen Erakusketa egiten ari dira malekoian, Galtxagorri elkartearen aurrean. Azoka egun osoan iraungo du, eta arratsaldean, liburuxka artisau tailerra egingo dute.

Laugarren urtez, herriko emakume sortzaileek kalera atera dituzte euren lanak eta sorkuntzak, eta Galtxagorri elkartearen aurrean antolatu duten azokan jarri dituzte erakusgai. Hamasei dira mostra parte hartzen ari diren sortzaileak, eta ezagutzera eman dituzten proiektuak ere askorikoak  dira: besteak beste, pintura eta bestelako artelanak, liburugintza, makramea, kandelagintza, panpinak, bitxiak, argazkigintza, joskintza, collageak eta egurrezko kutxak.

Erakusketaren helburua da emakume sortzaileak aitortzea, haien jardunari balioa ematea eta jendaurrean ikustaraztea. Goizean ireki dituzte postutxoak, 11:00 aldera, eta lehen orduetarako jada jende dezente bertaratu da jakin-min eta interes handiz. Gainera, sortzailekin hitz egiteko eta haien sormen lanez hitz egiteko parada izan dute.

Erakusketaz aparte, familia giroan egiteko liburuxka artisau tailerra ere antolatu dute 17:00etan. Doakoa izango da eta bi ordu iraungo ditu; aurrez izena emateko aukera dago esteka honetan. Azoka egun osoan egongo da zabalik, 20:00etara arte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide