Ohiturari jarraituz, EAJk Zarauzko malekoian eman zion hasiera atzo arratsalden ikasturte politiko berriari. Galtxagorri elkartearen aurrealdean egin zuten ekitaldiak jende ugari elkarte zuen, non Gipuzkoa Buru Batzarreko presidente Maria Eugenia Arrizabalagaren eta Euskadi Buru Batzarreko presidentea Aitor Estebanen parte hartzeaz gain, Garbiñe Oiarbideren estreinako mitina izan zen Zarauzko alkategai gisa. Hain justu ere, ikastu berrian Alderdi Egunaren 50. edizioa ospatzeaz gain, bi hauteskunde egingo direla gogora ekarri zuen Estebanek, eta aditzera eman zuen hauteskunde ziklo horretako gako nagusia ez dela izango eserlekuen banaketa izango: "Jokoan dagoena da zer-nolako Euskadi nahi dugun hurrengo belaunaldientzat”.
Hain justu ere, Garbiñe Oiarbidek eman zion hasiera ekitaldiari, eta lehenik eta behin, gogora ekarri zituen duela 40 urte Zarauzko ekitaldi politiko hori antolatzen hasi ziren emakume jeltzaleak. Jarraian aitortu zuen “hunkituta eta eskertuta" dagoela alderdikideek beregan jarri duten konfiantzagatik, eta erronka "erabateko indar eta konpromisoarekin” hartu duela.
“Zarautzek erronka handiak ditu, Euskadik bezala. Erronka horiek dira etxebizitza, euskara, ekonomia, tokiko merkataritza eta ingurumena. Eta erronka horiei guztiei erantzuteko, ez dago formula magikorik. Baina, formula bat dago guk ondo baino hobeto ezagutzen duguna: entzutea, adostea eta lan egitea”, adierazi zuen Oiarbidek.
Ekitaldian askotariko ordezkari jeltzaleak izan ziren, hala nola Imanol Pradales lehendakaria, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua eta Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua. Zarauzko eta eskualdeko ordezkariek ere ez zuten hitzordua galdu nahi izan: anfitrioi lanak egiten, esaterako, lehen lerroan izan ziren Zarauzko Uri Buru Batzarreko presidente Nekane Iribar eta Zarauzko alkate Xabier Txurruka.
Euskal nazioa defendatzen
Ikasturte berria hastear den arren, "gelakideek' lehengo lepotik izango dutela lepoa azaldu zuen Estebanek, eta PPri erreferentzia eginez, "zirikatzen" jarraituko duela ohartarazi: "Hobe lukete euren arazoez arduratuko balira, Isabel Diaz Ayusoren atikotik hasita. Garbitu dezatela atikoa besteei buruz hitz egin aurretik". EH Bildu ere izan zuen jomugan, eta "geldialdian" jarraituko duela adierazi zien ekitaldira bertaratu zirenei: "Deigarria da hainbat udaletan erantzukizunak eurenak izan arren, errua gurea dela esatea beti, nahiz eta eskumenak euren kargu instituzionalenak izan".
Halaber, EBBren presidenteak azpimarratu nahi izan zuen "euskal nazioa defendatzeko eta bere iraupena ziurtatzeko" sortu zela EAJ, eta hori dela alderdiaren lehentasuna. "Nazio eta gizarte eraikuntzaren arteko dilema ez da existitzen. Nazioa eraikitzea da autogobernuari esker ongizatea eraikitzea". Ildo beretik aritu zen Arrizabalaga bere hitzaldian “dilema faltsuak” zabaldu direla aipatuz, eta argi utzi nahi izan zuen EAJk ez inoiz duela aukera egin nazio eraikuntzaren eta jendearen bizitza hobetzearen artean. "Guretzat txanpon beraren bi aldeak dira, eta eta hori autogobernuan sakontzea da".
Bestalde, Espainiako poliziak Ertzaintzari dagozkion ardurak "kentzen" saiatzen ari direla salatu zuten Estebanek eta Arrizabalagak. EBBko presidenteak "Euskadin zereginik ez duten" polizia horiek Ceutara bidaltzera animatu ondoren, Espainiako Gobernuak hiri autonomoaren krisiarekin izan duen kudeaketa "negargarria" izan dela esateko aprobetxatu zuen.
Madrildik datorren “burrunba” dela eta, "Euskadi" euskal politikaren ardatza izatea aldarrikatu zuen Arrizabalagak, eta, zentzu horretan, Euskadi dela EAJren proiektu bakarra. “Ez gaitu despistatzen Espainiaren zaratak, herri-kontzientzia eta premisa bat ditugulako: herri hau errespetaraztea”, gaineratu du.
"Ziurgabetasun" horren aurrean, "pedagogia abertzalea" egitea eskatu zuen GBBko presidenteak. Bide batez, “transmisioa” aldarrikatu zuen martxan dagoen normalizazioaren, asimilazioaren eta uniformizazioaren aurkako “antidoto” gisa: “Transmititu euskararen garrantzia eta herri honekiko begirunea eta maitasuna; eta transmititu abertzale izatea merezi duela, harrokeriarik gabe baina harrotasunez, zapaldu gabe baina zapaltzen utzi gabe".