Maddi Aiestaran nagusitu da Lizardi Sariko lehen kanporaketan

Enara Ariznabarreta 2026ko abuztuaren 28a

Bertsolari Gazteen 50. Lizardi Sariko lehen kanporaketako parte hartzaileak. (Utzitakoa)

227,5 puntu lortu zituen bertsolari beasaindarrak atzoko saioan. Ia hamar puntuko aldearekin, bigarren postuan geratu da Bittor Altube abadiñarra. Gaur iluntzean bigarren kanporaketa jokatuko da Santa Klaran bertan.

Euskal Asteari hasiera emanez, Bertsolari Gazteen 50. Lizardi Sariko lehen kanporaketa jokatuko zuten atzo iluntzean Santa Klara komentuko aretoan. Saio entretenigarri eta polita osatu zuten bertsolariek, eta azkenik, Maddi Aiestaran beasaindarra nagusitu zen 227,5 punturekin, finalerako txartela zuzenean lortuz, eta bigarrenari ia 10 puntuko aldea aterata. Bigarren postua Bittor Altube abadiñarrak eskuratu zuen 218,8 punturekin, eta hirugarrena, berriz, Haizea Arana eskoriatzarrarentzat izan zen, 217,5 puntu eskuratu ondoren.

Koska bat beherago geratu ziren kantuan aritu ziren gainerako bost bertsolariak: Uxue Alkorta zarauztarrak 209,5 puntu eskuratu zituen, laugarren sailkatuz; Araitz Katarain mallabiarrak, 196,5 punturekin, bosgarren postua eskuratu zuen, eta Kattalin Lizarraga leitzarrak seigarrena, 192 punturekin; azkenik, Amets Aizpurua getariarra eta Julene azkoitiarra sailkatu ziren, 181,5 eta 176,5 punturekin.

Gaur, 22:00etan, bigarren kanporaketa izango dute jokoan ondorengo hauek: Adei Urbitarte zarauztarra, Eki Mateorena leitzarra (Nafarroa), Haira Aizpurua sararra (Lapurdi), Mikel Etxezarreta olaberriarra (Gipuzkoa), Martin Abarrategi aramaioarra (Araba), Suhar Gesalaga azpeitiarra, Irantzu Idoate hazpandarra (Lapurdi) eta Ekain Tolaretxipi hernaniarra (Gipuzkoa).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide