Kaleko saskibaloiaren udako hitzordua, kresal usainarekin

Aritz Mutiozabal 2026ko abuztuaren 27a

3x3 saskibaloi txapelketako partida bat, 2024an. (Ian Ruiz Lizaso)

Dagoeneko 133 taldek eman dute izena Zarauzko 3x3 txapelketan. Bihar arratsaldean hasi eta igandera arte jokatuko dituzte partidak, malekoian, Dama ondoko zabalgunean.

Zarauzko malekoia, udako hainbat ekitaldiren eta jardueraren kokaleku izateaz gain, kaleko saskibaloi kantxa ere bihurtzen da urtero-urtero asteburu batez. ZAST Zarauzko saskibaloi taldearen ekimenez, 3x3 txapelketa jokatzen dute 1998az geroztik, eta gaur egun ezinbesteko kirol egitasmoa bihurtu da udalerrian, baita Gipuzkoan ere; izan ere, Zarauzko txapelketa lurraldeko zirkuituaren barruan dago. Aurten ere ez du hutsik egingo, eta Dama pareko zabalgunea saskibaloiaren topagune bihurtuko da bihartik igandera bitartean.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, dagoeneko 133 dira izena eman duten taldeak, eta gustura daude jasotako erantzunarekin. Edonola ere, oraindik izena emateko aukera zabalik dago,: horretarako epea bihar eguerdian amaituko da, 12:00etan. Interesa dutenek, txapelketarako espresuki prestatu duten formulario digitala bete dezakete; saskibaloi taldearen Instagram kontuan topatu daiteke izen emate orriaren esteka.

Mini, infantil, kadete eta junior txapelketetan izena ematerakoan, talde bakoitzak 15 euro ordaindu beharko ditu oinarri gisa, eta jokalari bakoitzeko 5 euro gehiago; alegia, hiru jokalariz osatutako talde batek 30 euro ordainduko ditu, lau jokalariz osatutakoak 35 euro, eta horrela, hurrenez hurren. Kuadrillek, berriz, taldeko 25 euro eta jokalari bakoitzeko 5 euro jarri beharko dituzte; eta Gisaski txapelketan –Gipuzkoako zirkuituko senior mailan– aritzeko, azkenik, taldeko 50 euro.

Hiru egun, etengabe

Ostiral arratsaldean abiatuko da 3x3 txapelketa, 15:30 aldera, junior eta kadete neska-mutilen arteko lehiekin. Larunbat goizean, 10:00etan hasita, infantil neska-mutilen txanda izango da, eta arratsaldean, berriz, kuadrillen arteko norgehiagokak jokatuko dituzte. Igandean ere egun osoan izango dira partidak: goizean, mini mailakoak ariko dira, eta arratsaldean, aurtengo edizioari amaiera emateko, Gisaski txapelketa jokatu dute senior gizon-emakumeek.

"Uztailean antolatu nahi genuen, azken urteetan bezala, baina ezinezkoa egin zaigu, hainbat gauza tarteko. Beraz, abuztura atzeratu dugu", aditzera eman du txapelketako antolakuntzako kide Xabier Vazquezek. "Abuztuak duen alde txarra da senior mailako talde asko denboraldiaurrean murgilduta egoten direla, eta hainbat jokalari ez direla animatzen parte hartzera", gaineratu du.

Garai batean, bi txapelketak aparte antolatzen zituzten –alde batetik, federatuena, eta bestetik, herrikoia–, bi data ezberdinetan, baina urteak dira biak batean jokatzen direla. Gisaski zirkuitukoa da serioen jokatzen den txapelketa, eta kuadrillen artekoak, nolabait esateko, partaidetza sustatzea du helburu. "Bakoitzak dauka bere puntua. Ikusteko polita seniorrena izaten da, baina ez dago zalantzarik kuadrillen arteko partidak dibertigarriak direla", nabarmendu du antolatzaileak.

Halaber, azpiko mailetako jokalariei lagun giroan saskibaloian trebatzeko aukera ezin hobea eskaintzen diete. Gainera, opor garaian izanda, dezente izaten dira txapelketan izena ematen dutenak, herrikoak zein kanpokoak.

Txapelketaren inguruko informazio gehiago jasotzeko zein edozein zalantza argitzeko, 623 16 95 54 telefono zenbakira deitu edo zastzarautzsaskibaloia@gmail.com helbide elektronikora idatz daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide