Zarauzko Erraldoi eta Buruhandien Elkarteak (ZEBE) pasa den asteartean herriko kaleetan zehar egindako kalejiran jazotako "gertakari desatsegin" baten berri eman du sare sozialen bidez. Hain zuzen ere, malekoian kalejiran ari zirela, "pertsona batek buruhandi bat erasotu" zuela salatu dute. "Buruhandiak, ohikoa den moduan, maskuri bigunarekin kolpatu ondoren, pertsona horrek buruhandia zeraman gure kideari lepotik heldu eta indarrez lurrera bota zuen, atzerantz eroraraziz. Zorionez, gure kideak ez zuen lesio larririk izan", azaldu dute.
Salaketa horren aurrean, ZEBEko kideek argi adierazi dute ez dutela "inolako indarkeria motarik onartzen, ez gure kideen aurka, ezta kalejiran parte hartzen duen inoren aurka ere". Hain zuzen ere, erraldoi eta buruhandien kalejirak "jai-giroko eta herritar guztientzako topagune" izan behar direla aldarrikatu dute, "errespetuan, elkarbizitzan eta dibertsioan oinarrituak".
Gertatutakoaren aurrean, elkarteak "babesa eta elkartasun osoa" helarazi dizkio kideari. Aldi berean, erraldoi eta buruhandien inguruan kalejiran doazen pertsona guztiei "beharrezko distantzia eta errespetua mantentzea" eskatu die, baita ulertarazi ere buruhandiek jotzeko duten ohitura tradizionalki jolas moduan egiten den zerbait dela. Halaber, buruhandien eta erraldoien atzean "pertsonak" daudela azpimarratu du elkarteak: "herriko jaiak eta tradizioak aurrera ateratzeko ilusioz parte hartzen duten kideak dira". "Inolako jokaera bortitzak ez du lekurik gure kalejiran", aldarrikatu dute.
Horregatik, herritar guztiei "errespetuz eta arduraz" jokatzeko deia egin diete, "gure tradizioak zainduz eta kalejirak guztiontzako jai eta gozamen une izan daitezen lagunduz".