Arraun ikuskizuna bermatuta egongo da asteburuan Zarautzen

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 19a

Zarauzko Ikurrinen aurkezpen ekitaldia, gaur goizean, moila alboan. (Julene Sorarrain)

Euskotren, Eusko Label, ETE eta KAE 1 ligetako estropadak jokatuko dituzte asteburuan etxeko uretan. Igandean, gainera, Euskotren ligako azken jardunaldia izango dute jokoan emakumeek. Halaber, zaleek Lege Zaharren Enparantzan kokatuko den pantailatik zuzenean jarraituko ahalko dituzte estropadak.

Punta-puntako arraun ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da asteburuan Zarautzen, izan ere, larunbatean eta igandean lau ligetako traineru estropadak jokatuko dituzte etxeko uretan: larunbat goizean ETE eta KAE 1 ligetako estropadak jokatuko dituzte; larunbat arratsalde eta igande goiz artean, aldiz, Euskotren eta Eusko Label ligetakoak. Hain zuzen ere, estropada horietan emango dituzten lau banderak aurkeztu dituzte gaur goizean moila alboan egindako ekitaldian. Bertan izan dira Nagore Arruti Zarauzko Arraun Elkarteko (ZAE) lehendakaria, Xabier Txurruka Zarauzko Alkatea, Iban San Martin zinegotzia eta Borja Rodrigo TKEko lehendakaria, baita ZAEko arraunlariak ere.

Rodrigok Zarauzko Ikurrina "estropada historiko eta tradizionala" dela nabarmendu du, eta arraun egutegiko "hitzordu garrantzitsuenetakoa" dela kontatu du. Halaber, Zarauzko banderaren garrantzia azpimarratu du hainbat arrazoirengatik: "alde batetik, gauza garrantzitsuak erabakitzen diren garai batean sartzen garelako, eta bestetik, asteburu honetan Euskotren liga amaitzen delako".

Txurrukak, bere aldetik, azaldu du Zarauzko zaleen ametsa dela gizonezkoen zein emakumezkoen taldea TKE ligan lehiatzen ikustea, eta zarauztar guztiei dei egin die "kamiseta urdinak jantzi eta asteburuan etxeko ontziak animatzera" ateratzeko. Hori ez ezik, parekidetasunaren alde egindako lana gogora ekarriz, alkateak nabarmendu du iaz bezala aurten ere sari kopuru bera jasoko dutela emakumeek zein gizonek.

Lau bandera jokoan

Urtero bezala, itsasoan jokatuko dituzte estropak, Zarautz eta Getaria artean, zehazki. Emakumeek, Euskotren eta ETE ligetan, bi luze egingo dituzte, ziaboga bakarrarekin; gizonek, Eusko Label eta KAE 1 ligetan, berriz, lau luze egingo dituzte, hiru ziabogarekin. 

Larunbat goizean, ETE ligarako puntuagarria den Zarauzko Arraun Elkartearen Emakumezkoen VI. Ikurrinak emango dio hasiera arraunketa saioari, 11:00etatik aurrera. Lehia estua izatea espero da, izan ere, sailkapen orokorrean bigarren den Zarauzko Enbatak soilik bi puntura du Hondarribia. Emakumeen saioa amaitu ostean, 12:00etan, KAE 1eko Zarautz Arraun Elkartearen XVII. Ikurrina jokatuko dute. Gizonezkoen trainerua ere bigarren da sailkapenean, 157 punturekin, soilik bi puntura dagoen Deustoren atzetik. Sailkapenean hirugarren doan Zumaia ere lehian izango da estropada horretan, baita hamaikagarren postuan dagoen Orio B ontzia ere.

Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak, berriz, larunbat arratsaldean jokatuko dituzte. Emakumeak Zarauzko XVIII. Ikurrina izango dute jokoan, eta gizonek, berriz, Zarauzko XLIX. Ikurrina. Larunbat arratsaldeko arraunketa saioa 17:25ean hasiko da, Euskotren ligako estropadekin. Haiek amaituta ekingo diete gizonen arraunketa saioei. Bi liga nagusietako estropadak bi jardunalditara jokatuko dituzte, eta bietan lortutako denborak hartuko dituzte kontutan irabazlea erabakitzeko orduan.

Igandean, berriz, 11:25ean hasiko dira estropadak: emakumeak uretaratuko dira lehen, eta gizonak ondoren. Orio eta Zumaia Euskotren ligan lehiatuko dira, eta Orio eta Getaria, aldiz, Eusko Label ligan. Estropadekin batera, Zaleen Gunea Lege Zaharren Enparantzan kokatuko da aurten ere. Zarauzko Ikurriñaren jardunaldi bikoitzaren aurretik, bitartean eta ondoren zaleek esperientzia paregabeaz gozatu ahal izango dute bertatik, eta pantaila erraldoia ere jarriko da, estropadak zuzenean jarraitzeko. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide