Egun bikaina izan zen atzokoa Zarautz Arraun Elkartearentzat, izan ere, gizonezkoek zein emakumezkoen Enbatak Castro Urdialeseko (Kantabria) bandera eskuratu zuten, estropada txukuna jokatu ondoren. Uztaila amaieran bezalaxe, atzo ere, garaipen bikoitza poltsikoratu zuten, KAE 1 eta ETE ligetan egiten ari diren balentria agerian utziz. Gaur arratsaldean ongi merezitako harrera jaso dute arraunlariek herritarren zein zaleen eskutik.
Txistu doinuen erritmora, eta erraldoi eta buruhandien laguntzarekin, Lege Zaharren Enparantzatik abiatu eta Musika Plazaraino egin dute kalejira. Bidean, Castro Urdialeseko uretan irabazitako bi banderak astindu dituzte. Plaza kolore urdinez tindatu da, eta bertaratu direnek txalo eta emozio oihuz hartu dituzten Enbatako arraunlariak. Datorren larunbatean etxean jokatuko dute, Zarautz Arraun Elkartearen XVII. ikurriña irabazteko asmoz.