Usurbilgo Mihise taldearen rock doinuak entzuteko aukera izan zuten atzo Arranopolaren agertokiaren ingurura joan ziren herritarrek. Hirukoteak musikaz gozatzeko leku bihurtu zuen Arranoko terraza, kultur egitasmoaren zazpigarren kontzertuarekin. Emanaldia hasterako, jende dezente bildu zen agertokiaren inguruan, trago bat eskuetan.
Argitaratutako bi diskoetako –Kronik@ eta Ahaldatu– abestiak jo zituzten musikariek. Mikel Olasagasti bateria astintzeaz arduratu zen, Beñat Urteaga baxua jotzeaz eta abesteaz, eta Antton Aranburu gitarra jotzen eta abesten aritu zen. Beñat Intxauspek jakitera eman zuenez, taldea azken kontzertuak ematen ari da atseden tarte bat hartu aurretik. Herritarrek eta bisitariek biziki gozatu zuten kontzertuaz.