Outerknown Tahiti Pro txapelketako final laurdenetan amaitu da Nadia Erostarbe surflari zarauztarren ametsa Tahitin. Txanda horretan Isabella Nichols australiarra izan du aurkari Erostarbek, eta ehuneko gutxirengatik finalerdietako atarian geratu da.
Lehia berdindua eskaini dute Nicholsek eta Erostarbek. Bien artean hamahiru olatu hartu dituzte, sei australiarrak eta zazpi zarauztarrak. 4 puntuko olatu bat hartuta lehian aurretik jarri da Nichols, eta handik gutxira 3.83ko bat hartu du. Erostarbek 2.93 puntuko olatu bat zuen hartuta ordurako, eta 4.33ko batekin erantzun dio australiarrari –txandako olatu onena izan da–. Amaieran ez da nahikoa izan txapelketan aurrera egiteko. 7.83 puntu egin ditu Isabella Nicholsek, eta 7.26 Erostarbek.
Aurrera egiteko ametsa final laurdenetan amaitu zaio Erostarberi, baina pozik egoteko bosgarren postua lortu du Polinesia Frantziarrean jokatutako proba esanguratsuan. Horri esker, 4.745 puntu jaso ditu, eta Championship Tourrean postu bat gora egin du; gaur gaurkoz bederatzigarren da euskalduna zirkuituko sailkapenean.