Euskararen aldeko borrokan lekukoa hartzeko sortu duzue ZEGA. Zein dira helburuak zehazki?
Bittor Argiñano: Gure helburu nagusiena da gaur egungo Zarautzi buelta bat ematea, hau da, Zarautz euskaldun eta herrikoia sortzea. Gazte antolakuntzari indarra emanez, Zarautz euskaldunagoa sortu nahi dugu, eta nolabait herriko gazte euskaltzaleak antolatu eta aktibatu nahi ditugu. Horrekin batera, uste dugu eskutik doazela herriko gainerako eragile euskaltzaleekin sare bat sortzea.
Inge Madina: Badakigu Zarautzen, oro har, zorte handia dugula, eta euskaraz aritzeko erabakia orain arte ez da politikoa izan guretzat; izan ere, txikitatik inguru euskaldunean hezi izan gara. Dena den, euskara jasaten ari den oldarraldiarekin, euskararen auzia problematizatu egin behar dela uste dugu, eta egunerokoan euskaraz hitz egiteko erabakia ere politizatu egin behar delakoan gaude. Gure helburua da Zarauzko gazteak kontzientziatzea eta horiek beren ohituren gaineko ardura hartzea.
Zein izango da ZEGAren egitekoa? Zer aurreikuspen dituzue?
Oier Arruti: Gazteak sortu dugun mugimendura gerturatzea nahi dugu, eta asanbladetan hainbat puntu lantzea. Zarautzen, esaterako, euskarazko aisialdia dezente landuta daukagu, baina aisialdi horretan, euskararen aldeko borrokaz kontzientziatu nahi dugu jendea. Bestalde, Zarautzen dugun arazo handienetakoa zera da: festa eremuan, parrandan batez ere, espazio handia hartzen dute euskara ez diren beste hizkuntzek, eta euskara bultzatu nahi dugu aldarte horretan. Horrez gain, gazteak herri mugimendura eta euskararen eremura gerturatzeko kanpainak eta kale ekintzak egingo ditugu. Herri dinamika berpiztu nahi dugu Zarautzen, gazteei bizkarra ematen eta herri sentimendua urruntzen ari direlako.
B.A.: Bestalde, asanbladaren helburua da esandako helburu horiek denak nazio ikuspegiarekin lantzea. Euskal Herrian dugun nazio auzia problematizatu nahi dugu; izan ere, euskararen aldeko borroka ez dago ulertzerik oldarraldiaren erantzule zuzenak zein diren zehaztu gabe. Aisi
Francoren erregimenak ezarritako debekuek bizirik jarraitzen dutela esan duzue, lege errepresiboen eta zapalkuntzen bidez. Zergatik?
B.A.: Lege errepresiboetan eta zapalkuntzetan gorpuztuta ikusten ditugu Francoren erregimenean euskarari ezarritako debekuak. Hainbat alorretan ari da euskara zapaldua izaten; judizialki, administratiboki ala sozialki. Euskara kalean bermatzen ez den une oro zapalkuntza jarraitu egiten du; zerbitzuen sektorean, adibidez, euskara ez exijitzea, adibidez, zapalkuntza da. Francok ezarritako debekuei aurre egin zitzaien gisan, orain bizi dugun egoerari ere aurre egin behar zaiolako sortu dugu ZEGA.
O.A.: Euskaldunoi eskubideak murrizten dizkiguten estatuen pean gaude, eta debeku bidez ez bada ere, gure hizkuntza zapalduta dago. Euskararen kontrako erabaki juridikoak ari dira bultzatzen, eta horrek guri egunerokoan eragiten digu hizkuntza eskubideari dagokionez. Gazteak egoeraz jabetzea nahi dugu: euskara arriskuan dago eta euskaldunok ez gaude batere salbu.
Selektibitatearen bueltako auzia jarri duzue adibidetzat, baita baxoa euskaraz egiteko debekuak ere. Euskararen aurkako oldarraldia areagotzen ari dela uste al duzue?
I.M.: Bai, gai horiekiko kezka dugu, etengabeko erasoak jasotzen ari delako euskara. Inor ez da saiatzen eraso horiek ezkutatzen; are, publikoki izugarrizko eraso judizialak jasotzen ditu euskarak Hego Euskal Herrian nahiz Ipar Euskal Herrian. Horren bi adibide dira selektibitateko zeroen auzia eta baxoa euskaraz egiteko debekua. Beste eraso batzuk ere ikusten ditugu esparru akademikoan: euskaraz izan behar luketen unibertsitate graduetan ez da egoten bermatuta euskaraz ikasteko eskubidea, irakasle askok gaztelaniara jotzen dutelako eskolak ematerakoan edo ikaskideen artean oso zabalduta dagoelako gaztelania. Horrek denak erantzule bat dauka, eta problematizatu egin behar da.
Munduko Txapelketaren asimilazio nazionala eta Zarauzko Los 40 Summer Live jaialdia ere aipatu dituzue aurkezpen testuan. Zer eragin dute halakoek euskararen biziraupenean?
B.A.: Halako egitasmoak mehatxu zuzena dira euskararen biziraupenerako. Munduko Txapelketarekin gertatutakoa da horren adibide: Espainiako eta Frantziako selekzioak Euskal Herrian inposatutako selekzioak dira, ez dira gureak, eta euskararen biziraupenerako, beharrezkoa da euskal selekzioa, gure selekzioa. Espainiako eta Frantziako selekzioak animatzeak asimilazio nazionala dakar berarekin, eta horiek hegemoniko bilakatzen dira; izan ere, Espainaiko selekzioa animatzen duzun aldiro euskal selekzioa ukatzen ari zara. Zarautzen, adibidez, Munduko Txapelketako finalaren egunean Espainiako selekzioaren kamiseta ugari ikusi genituen, Espainiako banderak eta Espainiaren aldeko oihuak ere bai, eta horiei aurre egitea beharrezkoa da euskararen aldeko borroka biziberritzeko.
O.A.: Los 40 Summer Live jaialdiari dagokionez, berriz, garbi geratzen da jaialdi horrek ez duela euskal kulturarekin batere loturarik. Jaialdia sare sozialetan gaztelaniaz igarri zuten, eta une horretatik bertatik garbi geratu zen jaialdia gaztelaniaz izango zela, giro dena gaztelaniaren bueltan mugituko dela. Zarautz egun hartan turismora bideratuta zegoen, eta bertako gazteak bigarren planoan gelditu ginen. Dirua jaialdi espainoletara bideratu beharrean, herriko eta auzoko festetara musika talde hobeak ekartzera eta baliabide gehiago jartzera bideratu behar lukete, giro euskaldunagoa sortzeko xedez. Herriko parrandan mugimendu herrikoiagoa behar dugu.
Zarautz arnasgunea da, baina zer mehatxu ditu gaur-gaurkoz?
O.A.: Mehatxu handiena turismoa da; izan ere, herri guztia turismora bideratuta dago. Horrek kalean eta herriko ekonomian atzerriko hizkuntzak bultzatzea dakar berarekin. Euskara bigarren planoan geratzen da, eta horrek herriko jendea baztertuta geldiarazten du. Zarautzen indarra turismora bideratzen da, eta herrikoari bizkarra ematen zaio.
Beste herri askotan bezala, ezagutza eta kalera erabilera datuak ez datoz bat Zarautzen. Zuek zer sumatzen duzue inguruan, kalean, herrian?
I.M.: Zarautzen sumatzen duguna da gaztetxoek, belaunaldi gazteek, euskara gero eta gutxiago erabiltzen dutela; kuadrilletan gaztelaniaz gero eta gehiago entzuten da. Guk euskaraz hitz egiten dugu lagunen artean, baina asteburua iristen denean, parrandara atera eta gaztelaniara jo behar izaten dugu. Salbuespenak dira auzoetako festa batzordeek-eta antolatutako hitzorduetako giroa. Gainerakoan, gaztelaniara mugatzen da parrandako eskaintza. Horretan eragin nahi dugu, euskararen kaleko erabilera jaisten ari delako eta kezka daukagulako.
Euskararen aldeko borrokak zer behar ditu? Eta zer egin daiteke tokian tokitik borroka hori hauspotzeko?
B.A.: Euskararen aldeko borrokak biziberritzea behar du Zarautzen, eta ZEGA baliatu nahi dugu gazteon antolakuntzarako eta gazteon parte hartzerako. Gazteok euskararen aldeko biziberritzean agente aktibo bilakatu behar dugu, borroka egin behar dugu. Borroka hori hauspotzeko beharrezkoa da tokian-tokian euskararen inguruko hausnarketa egitea, herri bakoitzeko errealitatea den bezalakoa delako, baina horiei ere begiratu egin behar zaie; ezin ditugu begiak itxi inguruko herrietako errelitateen aurrean. Zarautzen ingurune euskaldunean jaio gara, baina badakigu zenbait herritan ezinezkoa dela euskaraz ehuneko ehunean bizitzea. Beraz, errealitate ilun horretatik urrun ez gauden bitartean borrokatzea dagokigu.
Herritarrei asanbladara batzeko deia egin diezue. Zer-nola egin dezakete? Noiz izango dira bilkurak?
O.A.: Uda ostean, irailetik aurrera egingo ditugu asanbladak, nahiz eta oraindik hari batzuk lotzeko ditugun. Irailaren 5ean, adibidez, euskaren aldeko herri bazkarian egingo dugu taldearen aurkezpen publikoa, eta egun horretatik aurrera hasiko gara martxan. Zarauzko gazteei bilkuretan parte hartzea nahi dugu, horiek duten iritzia jaso nahi dugulako. ZEGAren egitasmoak antolatzeari ekingo diogu opor ostean.