Ordu gutxi batzuk besterik ez dira falta Aste Nagusiari hasiera emateko

Enara Ariznabarreta 2026ko abuztuaren 13a

Hainbat lagun iaz Puro Relajok Aste Nagusian eskainitako emanaldian. (Utzitakoa)

Bihar 12:00etan hasi eta abuztuaren 22ra arte egitarau oparoa antolatu du udalak Zarauzko Aste Nagusia behar bezala ospatzeko. Oraintsu Munduko Txapelketa irabazi duten Elene Fresco eta Nora Merino eskubaloi jokalari zarauztarrek botako dute suziria bihar eguerdian. Erraldoien eta buruhandien kalejirak, musika emanaldiak eta talde hainbaten kontzertuak izango dira Aste Nagusiaren osagai nagusiak.

Ohi bezala, abuztuaren erdiarekin, aurten ere hemen da Zarauzko Aste Nagusia. Bihar goizean, 12:00etan hasiko dira ospakizunak, eta abuztuaren 22ra bitartean, egitarau oparoaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.

Suziriarekin, buruhandiekin eta erraldoiekin eta Joselontxos txarangaren laguntzarekin. Lege Zaharren Enparantzan emango diote hasiera Aste Nagusiari, eta herriko hainbat txokotara iritsiko da festa giroa aste osoan zehar. Gainera, oraintsu Munduko Txapelketa irabazi duten Elene Fresco eta Nora Merino –Nagore Altza oporretan da– zarauztarrek botako dute suziria.

Bihar, 19:00etan, Joselu Anaiak taldea igoko da Musika Plazako kioskora, eta ordubete beranduago, 20:00etan, Schola Cantorumek abestutako salbeaz gozatzeko aukera izango da Santa Maria La Real parrokian. Eguna amaitzeko, 21:30ean, Joselu Anaiak taldeak emanaldiaren bigarren zatia eskainiko du.

Etzi, berriz, egun osoko festa eguna izango da herrian, eta 23:00etan, urtero legez, Vulcano etxearen su artifizialak ikusteko aukera izango da –ondorioz, denbora tarte batean, itxi egingo dute kostako errepidea–. Larunbatean ere izango da su artifizialen ikuskizuna, ordu berean, etxe beraren eskutik. 

Kontzertuek ere izango dute beren tartea Aste Nagusian, ohiko legez, askotariko musika emanaldiak izango baitira datozen egunetan. Bihar Joselu Anaiakek egingo duen gisan, Musika Plazako kioskoan izango dira etzi eta etzidamu, hurrenez hurren, Lisker eta Rumbo Tijuana taldeak. Gero, astelehenean, Gaztea Gaua izango da Malekoian, eta Olaia Inziarte, Zeatikez eta Ramona’s First Evil Boyfriend taldeak izango dira protagonista. Hurrengo egunetan, berriz, honako talde hauek izango dira zuzenekoak eskaintzen: Neomak, Janus Lester, Seguridad Social, Puro Relajo eta Leire Martinez.

Halaber, Zarauzko Udaleko Berdintasun sailak Puntu Morea jarriko du Malekoian, ospakizun seguruak, parekideak eta indarkeriarik gabekoak sustatzen jarraitzeko. Galtxagorri elkartearen aurrean jarriko dute gunea, eta arreta eskainiko dute han abuztuaren 17an, 18an, 19an eta 22an, 22:00etatik 02:00etara bitartean. 

Honakoa da aste nagusiaren egitarau osoa:

Bihar, abuztuaren 14a

  • 12:00. Herriko jaiei hasiera emateko suziriak, buruhandiak eta erraldoiak, Joselontxos txarangaren laguntzarekin, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 19:00. Joselu Anaiak taldearen emanaldia, Musika Plazan.
  • 20:00. Schola Cantorumek abestutako salbea, Santa Maria La Real parrokian.
  • 22:00etatik 00:30etara Puntu morea, malekoian (Galtxagorri).
  • 21:30. Joselu Anaiak taldearen emanaldia, Musika Plazan.

Etzi, abuztuaren 15a

  • 11:00. Meza nagusia Schola Cantorumek abestuta, Santa Maria La Real parrokian.
  • 12:00. Lizarrako Dultzaineroak erdiguneko kaleetan zehar.
  • 19:00. Buruhandi eta erraldoiak Ustekabe txarangarekin.
  • 23:00etatik 01:00etara Puntu morea, malekoian (Galtxagorri).
  • 23:00. Pirotecnia Vulcanoren su artifizialak, hondartzan.
  • Ondoren, Lisker taldearen emanaldia, Musika Plazan.

Etzidamu, abuztuaren 16a

  • 19:00. Buruhandi eta erraldoiak Gauerdi txarangarekin
  • 23:00etatik 01:00etara Puntu morea, malekoian (Galtxagorri).
  • 23:00. Pirotecnia Vulcanoren su artifizialak, hondartzan.
  • Ondoren, mariatxiak Rumbo Tijuana taldearekin, Musika Plazan.

Abuztuaren 17a, astelehena

  • 22:00. Gaztea Gaua, malekoian (Dama).

Abuztuaren 18a, asteartea

  • 23:00. Neomak taldearen kontzertua, malekoian (Dama).

Abuztuaren 19a, asteazkena

  • 23:00. Janus Lesterren kontzertua, malekoian (Dama).

Abuztuaren 20a, osteguna

  • 23:00. Seguridad social taldearen kontzertua, malekoian (Dama)

Abuztuaren 21a, ostirala

  • 23:00. Puro Relajo taldearen kontzertua, malekoian (Dama).

Abuztuaren 22a, larunbata

  • 23:00. Leire Martinezen kontzertua, malekoian (Dama).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide