Uztailaren 13an ekin zioten Zarautz eta Bergarako Itasua IAT zentroetako 55 langileek greba mugagabeari, eta hilabete inguru bete berri denean, egoera berean jarraitzen dute horiek. SKAPAko jaien bueltan, Bizkaia eta Urdaneta kaleak elkartzen dituen biribilgunean jarri dira gaur langileak, euren aldarriak defendatzeko asmoz.
Pasa den ekainaren 26an iragarri zuen ELAk hiru greba egun deitu zituela Zarauzko eta Bergarako IAT zentroetan. Hiru lanuzte eginda, eta enpresak langileen proposamenei “ezezkoa” erantzun ziela salatuta, hilaren 13ean hasi zuten aipatutako greba mugagabea. "Gainera, greban dauden langileen lanpostuak kontratazio berriekin ordezkatzen ari da, eta hori greba eskubidea urratzea da", salatu zuen ELAk.
Langileek "hitzarmen propioa eta lan-baldintza duinak" eskatzen dituzte, eta kudeaketa pribatua duen baina zerbitzu publikoa eskaintzen duen jarduera izanik, "bertan sortutako aberastasunak" zerbitzua egunero posible egiten duten langileen lan-baldintzak hobetzen ere lagundu behar dutela diote. Beste IAT zentroek baino ordu gehiago lan egiten dutela ere azaldu zuten langileek, eurek baino soldata baxuagoekin.