Eguraldia lagun, goiz paregabeaz gozatzeko aukera izan dute herritarrek Azken Portun. 11:30ean hasita, haur eta guraso pila bat bildu dira Plaza Gorrian marrazki festari hasiera emateko. Papera eta margoak eskuetan, taldetxo bakoitzak bere lekua hartu eta marrazteari ekin dio. Amaieran, ekintzaren antolatzaileek haurrek egindako marrazki guztiak jaso dituzte, eta, trukean, oparitxo bana eman diete.
Adinekoek ere goizaz gozatzeko aukera izan dute Urpekoak elkartean. Hainbat jubilatu bildu dira han hamabietako bikaina dastatzeko, eta hitz eta pitz aritu dira sabelak betetzen zituzten bitartean. 12:30ean, Azken Portuko txarangaren txanda izan da, eta auzoko kaleak eta tabernak zeharkatu dituzte goizari musika pixka bat jarriz.
Arratsaldean festak aurrera jarraituko du. 17:00etan, festa batzordeko egungo kideen eta batzordekide ohien arteko jolasak izango dira, eta 18:30ean, parrillan egindako janaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Ondoren, 19:00etan hasita, herri kirolen emanaldia izango da Izeta harri jasotze eskolaren eskutik. Eguna amaitzeko, 23:15ean, Sofa taldea igoko da agertokira, eta ondoren, Bad Sound System.