Usurbilgo Mihise taldea igoko da etzi, ostegunez, Arranopola egitasmoaren agertokira. Ohi bezala, 20:00etan hasiko da kontzertua, eta Arranoko terraza musikaz gozatzeko leku bihurtuko da. Kultur egitasmoaren zazpigarren kontzertua izango da.
2019an sortu zuten rock taldea hirukote usurbildarrak. Lehendik Hotzikara eta Izeberg taldeetan aritutakoak dira, eta nahiz eta hasieran musika esperimentala sortu, pixkanaka ahots eta instrumentu berriak gehitzen joan dira. 2020an kaleratu zuten lehen diskoa, Kronik@, eta iaz azkena, Ahaldatu.