SKAPAko jaiak aurrera doaz, eta auzoko giroa paregabea izan da gaur arratsaldean ere. Izan ere, familia ugari bildu dira Plaza Gorrian etxeko txikienen krosaz gozatzeko. Haurrak gogo biziz hurbildu dira plazara, dena emateko prest.
Hiru adin tartetan banatuta, talde bakoitzak bere ibilbidea egin du. Guraso pila bat elkartu dira bide ertzean txikiak animatzeko, eta ilusio handiarekin eta txalo artean gurutzatu dute helmuga. Lasterketaren ondoren parte hartzaile bakoitzak bere oparia jaso du.
Ondoren, Jalgi dantza taldearen txanda izan da. Plaza herritarrez bete da, eta horiek adi-adi aritu dira ikuskizuna ikusten. Behin emanaldia amaitutakoan, antolakuntzak txokolatea banatu die bertaratu direnei.
Gaur gauean festak aurrera jarraituko du auzoan. 21:30ean, txirrindularitza kriteriuma izango da, 23:00etan, Maskak taldearen kontzertua, eta 01:00etan, La Sr. Tomasa taldea igoko da oholtzara.