Urtero bezala, Nahia artisau elkarteak udako azoka antolatu du, artisauen produktuak malekoian bertan jarriz. Atzo goizean zabaldu zituen ateak, eta gaur 20:30era arte, herritarrek eskuz egindako askotariko produktuak ikusteko eta erosteko aukera izango dute.
Nahia elkarteko kideek jarri dituzte postuetako batzuk, baina beste asko inguruko herrietatik etorritako artisauenak direla azaldu du Mikel Contreras elkarteko kideak. Bakarren batzuk Arabatik eta Nafarroatik ere etorri dira.
Postu askotan bitxiak aurki daitezke, baina badira eskuz apaindutako arropak, ilustrazioak, usaindun xaboiak, alanbrez egindako bonsaiak, ukenduak eta xanpuak, eta poltsak eta bestelako osagarriak.
Erosketa egiten dutenen artean La Potx jatetxean bi pertsonentzako menua zozkatu zuten atzo, eta gaur ere sari bera banatuko dute erosleen artean.
Zarauzko elkarteak urtean hiru azoka antolatzen ditu, bat udan, bestea udazkenean, eta hirugarrena Gabonetan. Horrez gain, urrian egun bateko azoka ere egiten dute.