SKAPA jaien hasiera, mahaiaren bueltan

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 9a

Atzo arratsaldean mus txapelketa eta puzzle lehiaketa jokatuta abiatu dituzte festak Azken Portun. 73 bikote aritu ziren musean, eta 26 talde, berriz, puzzle osatzen. Gaurko hitzordua arratsaldeko mural pintaketa izango da. 

Hemen dira SKAPA jaiak. Atzo arratsaldean egin zituzten egitarauko aurreneko ekintzak, eta iaz bezala, aurten ere mahaiaren bueltan elkartuta hasi dituzte festak, lasai eta umore onean. 16:00etan hasita, bi lehiaketa egin zituzten aldi berean, eta arrakasta ederra izan zuten biek. 

Batetik, auzoko zazpi tabernatan banatuta mus txapelketa jokatu zuten 73 bikotek. Adin guztietako herritarrak animatu ziren parte hartzera, baita herritik kanpoko batzuk ere; azpeitiar gazte kuadrilla bat, esaterako, irabazteko gogoz eseri zen mahaira. 

Puzzle lehiaketa Plaza Gorrian egin zuten, eta aurten 26 taldek parte hartu dute. Muga jarri behar izaten dute, denei puzzle bera ematen baitiete, 500 piezakoa; azken urteetan, auzoarekin lotura duen irudiren bat osatu behar izaten dute, eta atzokoan, auzoko jaietako kamiseta desberdinen argazkia osatzea tokatu zen.

Puzzleak egitearen artea

Iratxe Irureta eta Aitziber Larraioz izan ziren bizkorrenak puzzlea osatzen. Izena bik ematen duten arren, taldean sei dira, familiakoak. Iaz ere, beraiek izan ziren garaile. Irabazteko duten estrategia kontatu dute horiek: "Aurrena pieza guztiak buruz gora jarri eta ertzak egiten hasten gara. Gero, koloreka banatzen ditugu, eta taldekide bakoitza kolore bat egiten hasten da".

Aurtengo puzzlea beste urte batzuetakoa baino errazagoa izan dela uste dute, "kolore asko zituelako". 

Irabazleek aitortu dute "puzzleen friki samarrak" direla etxeko kide batzuk, eta noizbehinka egiten dituztela. Beste kide batek zuzendu du, esanez, "noizbehinka ez, igandero" aritzen direla 1.000 piezako puzzleak osatzen. 

Talde irabazleak 38 minutu behar izan zituen puzzlea egiteko, bigarrenak 46 minutu, denbora bera hirugarrenak eta 47 minutu laugarrenak.

Gaurko egitarauari dagokionez, 2026ko mural pintaketa egingo dute 17:00etan hasita, eta Enea Gozotegiaren postua egongo da Anaiak tabernaren alboan, DJ Piruk girotuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide