Oporrak Bakean programako haurrei eta familiei harrera egin die Zarauzko Udalak

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 6a

Jexux Arana alkateordea buru zela, udalbatzar aretoan elkartu dira Saharautzek eta Darahlik ekarritako haurrak eta haien familiak, baita Azpeitian aterpetxean dauden haurrak eta begiraleak eta beste zenbait herritako kideak ere. Eguna Zarautzen igaroko dute, elkarrekin bazkalduz eta arratsaldean hainbat ekintzez gozatuz. 

Oporrak Bakean programan parte hartzen ari diren haur sahararrei harrera egin diete gaur 11:30ean Zarauzko udaletxean. Jexux Arana alkateordea buru zela, udalbatzar aretoan elkartu dira Saharautzek eta Darahlik ekarritako haurrak eta haien familiak, baita Azpeitian aterpetxean dauden haurrak eta begiraleak eta beste zenbait herritako kideak ere. 11-12 urteko 30 bat haur elkartu dira, denera. 

Aranak eskerrak eman nahi izan dizkie elkarteetako kideei eta familiei, Saharako haurrek uda Euskal Herrian igaro ahal izateko egiten duten lan guztiagatik, eta hitz batzuk arabieraz egitera ere ausartu da, bertan bildutako umeen irribarreak eraginez. 

Xabier Euzkitze Saharautzeko kideak ere eskerrak eman dizkie haurrak beren etxeetan hartzen dituzten familiei, baita aterpetxean lanean aritzen diren boluntario gazteei ere, eta udalarentzat ere esker oneko hitzak izan ditu, "beste eskualde batzuetan baino errazagoa egiten zaigulako guri gure lana egitea Zarauzko eta eskualdeko gainerako udalen laguntzari esker". Saharautzek 24 urte daramatza Saharako haurrak herrira ekartzen, eta gaur egun nahi baino haur gutxiago ekar ditzaketen arren –familia boluntarioen faltagatik– balioan jarri du "gure herriei eta familiei kolorea ematen dien haur hauek gure artean eduki ahal izatea eta beren herriaren etorkizunarekin konpromisoa urtero-urtero berretsi ahal izatea". 

Mujtar Leboihi sahararren ordezkari berria da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta hark ere hartu du hitza gaur Zarauzko udaletxean, "bihotzez eskerrak" emateko Saharautzi eta gainerako elkarteei, haur sahararrei eskaintzen dieten guztiagatik. "Euskal familiek beren etxeko ateak zabaltzen dizkiete ezagutzen ez dituzten haurrei, eta hori ez dugu inoiz ahaztuko", esan du. 

Festarik festa

Eguna Zarautzen igaroko dute haur sahararrek, udaletxeko harreraren ondoren elkarrekin bazkalduko baitute Gaztelekuan, eta arratsaldean hainbat ekintzez gozatzeko aukera izango dute; esaterako, surf ikastaroa egingo dute hondartzan. Haur batzuk ez dira harrera ekitaldian izan, goizean oftalmologoarekin hitzordua zutelako, baina gero batu dira festara. 

Hainbat haur Azpeitiko aterpetxean daudenez ostatu hartuta, inguruetako festetara joateko aprobetxatzen ari direla kontatu dute Darhaliko kideek; Azpeitiko saninazioetan ibili ziren orain egun batzuk, eta datorren astean, Azkoitira joango dira, andramarietara. Egunen batean hondartzara txangoa ere egin dute. 

Saharar gaztetxoek abuztuaren 27an hartuko dute etxerako bidea, eta oraindik, beraz, badute Euskal Herriko egonaldiaz gozatzeko tartea. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide