Kalitatezko produktuak etxeratzeko egun euritsu aproposa

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 5a

Nafarroako produktuen azoka ari dira egiten goizetik Kale Nagusian eta Musika Plazan. Ohiko postuak jarri dituzte, nahiz eta eguraldiagatik bakarren batzuek huts egin duten. Eguraldia eguraldi, eroslerik ez da falta izan eguerdi partean. 

Nafarroako produktuen azoka ari dira egiten gaur goizetik Musika Plazan eta Kale Nagusian. Euritsu dago eguna, eta ohi baino postu gutxixeago jarri dituzte, baina eroslerik ez da falta, ez behintzat eguerdi partean, herritarrek gustura hartzen baitituzte kalitatezko produktuak zuzenean ekoizleen eskuetatik. 

Nafarroako txoko guztietatik etorri dira saltzaileak askotariko produktuekin: gazta, txorixoa, eztia eta argizaria, gozokiak eta opilak, pateak, marmeladak, ukenduak eta sukalderako egurrezko materiala ekarri dituzte, besteak beste. Antzinako tresna batzuk ere jarri dituzte ikusgai, aurreko urteetako ohiturari jarraituz. 

Aterkiak zabalduta baina presarik gabe, erosle batek baino gehiagok aprobetxatu du produktuez hainbat galdera egiteko, eta gauza bera egin dute saltzaileek, herritarrei lehen eskuko informazioa emanez. 

Iluntzera arte zabalik izango dituzte postuak. 

Zozketarako txartelak

Erosketa bakoitzeko zozketa baterako txartela ere banatu dute ekoizle nafarrek. Parte hartzeko, ordea, esteka honetan sartu eta datu batzuk bete behar dira, txarteleko zenbakia ere jarrita. 

Zozketaren irabazleak egun batzuk barru agertuko dira www.naparbideak.es/noticias atalean, baina saridunei telefonoz ere deituko diete antolatzaileek. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide