Zabalik dago Emakume Sortzaileen IV. Azokan izena emateko epea

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 5a

Pintzelak.

Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuak abuztuaren 26an egingo du egun osoko azoka malekoian, eta izena emateko epea abuztuaren 12an amaituko da, egun hori barne. 

Zarauzko Udaleko Berdintasun departamenduak laugarrenez antolatu du Emakume Sortzaileen Azoka. Abuztuaren 26an egingo dute 11:00etatik 20:00etara malekoian, Galtxagorri elkartearen aurrean, eta izena emateko epea zabalik dago datorren asteko asteazkenera arte, abuztuaren 12ra arte, hain zuzen (egun hori barne). 

Antolatzaileek argi dute zein den egitasmoaren helburua: emakume sortzaileen lana eta sorkuntzak ikusaraztea eta balioan jartzea. Hala, erakusketak espazio bat eskainiko die beren proiektuak eta artisau-lanak herritarren aurrean aurkezteko. 

Eskaerak eta baldintzak

Eskaerak online (berdintasuna@zarautz.eus helbide elektronikoa) edo aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Berdintasun departamentuan –eskaera orria beteta– eta parte hartu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira: erakusgai jarriko diren artikuluak norberak sortutakoak eta artisau-lanak izatea; komunikazio material guztia (kartelak, esku-orriak, txartelak, etab.) euskaraz edo bi hizkuntza ofizialetan egotea, euskara lehenetsita; hizkuntza edo irudi sexistarik ez erabiltzea, ezta arrazakeria edo xenofobia sustatzen duten mezu edo irudirik ere; eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ) alta emanda ez egotea edo, gehienez ere, azken sei hilabeteetan alta eman izana.

Eskaerarekin batera honako dokumentazioa aurkeztu beharko da: izen-emate orria behar bezala beteta eta sinatuta eta JEZen alta emanda ez dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria edo, alta emanda badago, dagokion ziurtagiria.

Eskabide kopurua eskainitako postu kopurua baino handiagoa bada, postuak zozketa bidez esleituko dira, Zarautzen erroldatutako emakumeei lehentasuna emanez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide