Irailetik aurrera Hizkuntza Eskola Ofiziala izango du Zarautzek

Enara Ariznabarreta 2026ko abuztuaren 3a

Arantxa Aldalur Hezkuntza teknikaria eta Irune Urbieta Hezkuntza zinegotzia Lanpardo kaleko 3. zenbakiko eraikinaren aurrean. (Zarauzko Udala)

2026-2027 ikasturtearekin batera zabalduko ditu ateak Zarauzko Hizkuntza Eskola Ofizialak, eta lehen ikasturtean ingelesa eta gaztelania eskainiko ditu.

Datorren irailetik aurrera, Hizkuntza Eskola Ofiziala izango du Zarautzek. Zentro berria Lanpardo kaleko 3. zenbakian dagoen eraikinean kokatuko da, eta "udalerriko hezkuntza eskaintza zabaltzeko urrats garrantzitsua" izango dela nabarmendu du udalak.

Orain arte, hizkuntzen irakaskuntza ofiziala jaso nahi zuten herritarrek beste udalerri batzuetara jo behar izan dute. Irailetik, Zarauzko eta eskualdeko bizilagunek udalerritik atera gabe izango dute hizkuntzak ikasteko aukera.

Irune Urbieta Hezkuntza zinegotziaren esanetan, "urte luzez udala zerbitzu hau jasotzeko eraikin egokiaren bila aritu da eta kudeaketa lan askoren ondoren, leku aproposa aurkitu du Azken Portu Goian". Gaineratu, "Udal Euskaltegiak euskara ikasteko ematen dituen aukerez gain, azpiegitura berri honek udalerriko hizkuntzen irakaskuntza publikoaren eskaintza osatuko du", gehitu du Urbietak.

Hizkuntza Eskola Ofizial berriak 2026-2027 ikasturtearekin batera hasiko du bere jarduera. Lehen ikasturtean ingelesa eta gaztelania, eskainiko dira, atzerri hizkuntza gisa. Hala ere, udalaren asmoa datozen ikasturteetan eskaintza zabaltzea da: "Hurrengo ikasturteei begira, eskaintza hau zabaltzea, eta Zarautzen ahalik eta hizkuntza gehien ikasteko aukera izatea da udalaren nahia", adierazi du Urbietak.

Udalak azpimarratu du dotazio berri honek garrantzi handia izango duela udalerriarentzat, bai hezkuntza eskaintza indartzeko, baita herritarren bizialdi osoko prestakuntza sustatzeko ere. Abuztuan zehar informazio gehiago partekatuko dute: matrikulazio epeak, egutegia eta gainerako informazio praktikoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide