Txirrindularitzako egutegiko proba nagusienetakoa hastear da. Bihar emango dituzte emakumeen Frantziako Tourreko lehen pedalkadak. Suitzako Lausana hiritik abiatuko dira, eta abuztuaren 9an amaituko dute proba, itsasertzean, Niza hirian. Bederatzi etapako itzulia izango da, etenik gabea, eta eskakizun handikoa. Tartean, Mont Ventoux bezalako mendate mitikoak igoko dituzte. Aipatu igoera erlojupekoa izango da.
Lausanako irteera lerroan izango diren taldeen artean Laboral Kutxa-Euskadi izango da. Hirugarrengoz lehiatuko da euskal taldea Frantziako Tourrean. Naia Amondarain, Yuliia Biriukova, Idoia Eraso, Arianna Fidanza, Usoa Ostolaza, Paula Patiño eta Debora Silvestri txirrindulariek jantziko dute aipatu taldearen maillota. Taldeburu, berriz, Usoa Ostolaza zarauztarra izango da, taldeko arduradunek nabarmendutakoaren arabera, "emaitza nabarmenak lortuta beste aurrerapauso eman eta gero".
Euskadi Fundazioko taldeak "mugarri" bezala ikusten du itzuli horretan aritzea, eta nabarmendu du agerian uzten duela "taldeak egiten duen prestakuntza eta garapen lanaren arrakasta".
"Guztia ateratzeko gogoz"
Usoa Ostolazaren ustetan, denboraldiko lasterketarik berezienetakoa da Frantziako Tourra. "Ez dago etapa lasairik; oso lasterketa gogorra da, baina, aldi berean, oso polita. Gainera, pozgarria da proba ekitaldiz ekitaldi nola jarraitzen duen hazten ikusteak". Taldeak egonaldia egin du Andorran proba hori prestatzera bidean. Itzuliaren atarian bere burua ondo ikusten duela onartu du zarauztarrak. Helburuei begira, berriz, "egunez egun" joatearen aldekoa da. "Nire hankak lehen etapetan egiaztatu nahi ditut, denborarik ez galdu, eta, aurkitzen naizen moduaren arabera, azken helburua zehaztu". Gaineratu du taldea "gogotsu eta sasoian" ikusten duela. "Barruan duguna eta landu dugun guztia ateratzeko gogoz goaz; maila ederra eman dezakegula uste dut", adierazi du Ostolazak.