Datorren astelehenean, abuztuaren 3an, Kale Pilota txapelketa jokatuko dute Zarauzko malekoian, Dama parean. Lehen aldiz, frontoi eramangarri bat jarriko dute, eta jokamolde berri batean ariko dira pilotariak, buruz buru, 21:00etan hasita; one wall eta handball modalitateen ezaugarriak eta ezker paretako pilota uztartzen ditu, hain zuzen ere, molde berriak. Txapelketa EITBk eskainiko du bere euskarrietan.
Lehen finalerdian, Laia Salsamendik eta Nora Mendizabalek neurtuko dituzte indarrak; bigarrenean, berriz, Goiuri Zabaleta eta Olatz Arrizabalaga ariko dira. Ondoren, bi finalerdien irabazleek jokatuko dute finala.
Ekitaldi nagusia baino lehen, Zarauzko pilota klubeko gaztetxoek ere izango dute frontoi berrian jokatzeko aukera. 18:00etatik 20:00etara; hemezortzi partida jokatuko dituzte.