Zarauzko Udaleko Berdintasun Sailak herriko ostalaritza establezimenduei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina bat jarri du martxan. Kanpainaren helburua jaietan eraso matxistak prebenitzea da, indarkeria matxistarik gabeko jai seguruekin konprometitutako establezimenduen sare bat eraikitzen jarraitzeko.
Gloria Vazquez udaleko Berdintasun zinegotziak nabarmendu du eraso matxisten prebentzioak "gizarte osoaren inplikazioa" eskatzen duela, eta ostalaritzak "funtsezko zeregina" betetzen duela jaietan. Hori horrela, herriko ostalaritza establezimenduek "nola jokatu behar duten" jakiteko eta "errespetuzko gune seguruak sortzen" laguntzeko tresnak izatea nahi du Berdintasun sailak.
Puntu Morearen kudeaketaren arduradun den Samurrak enpresak herriko hemezortzi establezimendu bisitatu ditu, eta eskura dauden udal baliabideen, Puntu Morearen funtzionamenduaren eta indarkeria matxistaren aurrean jarraitu beharreko pausoen berri eman die hauei. Horrez gain, jazarpen jokabideak identifikatzeko eta biktimen prebentzioan eta arretan eragile aktibo gisa daukaten ardura indartzeko asmotan, ostalaritzako profesionalekin lanketa egiteko aukera izan du Samurra enpresak.
Festa seguruak helburu dituen dekalogoa
Kanpainaren ardatz nagusietako bat festa seguru eta errespetuzkoak helburu dituen dekalogo bat ematea izan da. Hori horrela, establezimendu desberdinei dekalogoa ikusgai dagoen lekuren batean jartzeko eskatu zaie. Indarkeria matxistarik gabeko jaiez gozatzeko baimenari, mugen errespetuari, elkarren zaintzari eta erantzukizun kolektiboari buruzko mezu argiak jasotzen ditu dokumentuak. Era berean, 112 larrialdietarako telefonoa eta 900 840 111 Eusko Jaurlaritzaren Indarkeria Matxistaren Biktima diren Emakumeentzako Telefono bidezko Informazio eta Arreta Zerbitzu Espezializatuaren kontaktuak daude dekalogoan. Hauek doako baliabideak dira, konfidentzialak, eta eguneko 24 orduetan erabilgarri daudenak.

Gainera, Samurrak enpresak mendekotasun kimikoa detektatzeko eskumuturrekoak banatu ditu bisitetan, ostalariei hauen funtzionamendua azalduz. Eskumuturreko horiek, abuztuko jaietan, inguruko tabernetan eta Puntu Morean egongo dira eskuragarri. Bisitek egoera praktikoak partekatzeko eta jazarpen edo indarkeria kasu posibleen aurrean nola jokatu hausnartzeko ere balio izan dute.
Udalaren esanetan, lehen kanpainaren balantzea "oso positiboa" izan da. Berdintasun sailaren ustez, kanpaina hau datozen urteetan jarraipena izango duen lan ildo baten hasiera da. Gainera, establezimenduen lankidetze eta jarrera ona eskertu nahi izan du Berdintasun sailak.