'Pausa' ikuskizuna eskainiko dute gaur Antzerkia Familian zikloaren bigarren saioan

Ekaitz Etxabe 2026ko uztailaren 30a

'Pausa' antzezlana. (Ni Mu konpainia)

Ni Mu konpainiaren zirku eta dantza emanaldiaz gozatzeko aukera izango da gaurko Antzerkia Familian zikloaren barruan. Santa Klara komentuaren kanpoaldean izango da emanaldia, gaur, 18:30ean.

Giro poetiko batean, eta biolontxelo jotzaile baten laguntzarekin, egoera aldrebes eta inprobisatuak antzezten ditu Ni Mu konpainiaren Pausa zirku eta dantza emanaldiak. Gutxi gorabehera, 50 minutu iraungo du antzezlanak. Honela definitzen du Ni Mu konpainiak eskaintzen duten emanaldia: "Pailazo bat eta maleta asko. Ustekabeko bidaia batek itxaroteak aspergarria izateari utziko dion leku batera eramango gaitu, jolas eta irudimenezko une bihurtzeko, mugarik gabe".

Uztailaren 16an hasi zen Antzerkia Familian zikloa, Ekilikua emanaldiarekin eta, aurrerantzean, honako hau da aurtengo Antzerkia Familian zikloaren egitaraua:

  • Abuztuak 6. Baratzuri zoparen sekretua (Zapotxin).
  • Abuztuak 13. Ardatzak (Zirkozaurre).
  • Abuztuak 20. Baboom (Xabi Larrea).
  • Abuztuak 27. Sardina freskue (Eidabe).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide