Urtero legez, aurten ere Los 40 Summer Live bira ibiltariak geldialdia egingo du Zarauzko malekoian, eta horrek hautsak harrotu ditu zenbait herritarren artean. Beste behin, eztabaida piztu da udako egitarauaren barruan antolatzen diren zenbait ekitaldiren inguruan, eta hainbat eragilek beraien desadostasuna kalera aterako dute.
Hori horrela, iaz bezalaxe, Los 40ri Ez! jaialdia antolatu dute bihar arratsalderako Danda gazte asanbladak, Arraio Irratiak, Lege Berriak eta Zarata Zarautzek. Los 40 irrati kateak urte dezente daramatza Zarautzen Los 40 Summer Live jaialdia antolatzen, eta Espainiako Estatuko abeslari ugari igaro dira eszenatokitik. Herriko hainbat eragilek, kontraegitarau gisa, bezperarako egitarau oparoa antolatu dute. Karropoteoarekin hasiko dute eguna, 18:30ean, Plaza Gorritik hasita Damaraino. Behin Damara iritsitakoan, argazki herrikoia aterako dute. Ondoren, Putzu Beltzean taldearen, Ithakaren eta Martin de Marteren kontzertuez gozatzeko aukera izango da. Hiruputzu gaztetxean, berriz, Ixeta eta Jaleo DJak ariko dira.
"Trabarik ez jartzea"
Herriko hainbat eragilek joan den ekainean egin zioten biharko jaialdia antolatzeko eskaera udalari. Danda gazte asanbladak azaldu duenez, "udalak karropoteoa egitea onartu du, baina kontzertuak ez"; erakundeak "bizilagunak eta soinua jarri ditu aitzakiatzat, bi egun jarraian kontzertuak egitea gehiegizkoa egiten zaiola esanez". Dandakoen esanetan, ez dute udalaren aldetik "erantzun berririk jaso" eta ez dute "beste erantzunik espero". Irmo nabarmendu dute "udalaren partetik aldaketa bat egotea" izango litzatekeela "zentzuzkoena", eta "egitaraua aurrera eramaterakoan trabarik ez jartzea" eskatu dute.
Eragileek diote "gaztetxeen eta antolakuntzaren ereduaren alde" eta "Zarautz eskaparate turistiko bihurtzearen aurka" egingo dutela biharko jaialdia. Halaber, "zarauztarrek Los 40 Summer Live jaialdia nahi ez dutela argi" dagoela azpimarratu dute. Udalaren kudeaketaren aurka ere agertu dira. Izan ere, Los 40ri Ez! jaialdiaren sustatzaileen hitzetan, "Zarautz munduko eta Espainiako turismoaren eskaparatean jartzen da betikoak turismoaren kontura aberasteko", eta "udalak kristoren diru partidak bideratzen ditu jaialdi honetara, herriko festei eta eragileei bideratu beharrean". Gainera, "herriko eragileei oztopoak besterik jartzen ez zaizkienean, [Los 40 Summer Live] jaialdiari azpiegitura, dezibelio eta espazio aldetik erraztazun denak" ematen dizkiotela seinalatu dute. Antolakuntzak Los 40ri Ez! jaialdian parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak, "denen laguntza beharrezkoa delako".
Udalaren eskaintza
Etzi izango da Los 40 irrati-katearen jaialdia, 21:00etatik aurrera. Aurtengo ekitaldirako "geratu gabe kantatzeko, dantzatzeko eta gozatzeko kartela" prestatu dutela azpimarratu dute jaialdiaren antolatzaileek.
Ohi bezala, Dama pareko zabalgunean atonduko dute agertokia, eta David Alvarez Los 40 irrati kateko esatari eta DJ ezagunaren gidaritzapean, ondorengo artistak igoko dira oholtza gainera: Bombai, Vicco, Naiara, Lola Tuduri, La Beba eta Pikete.
Los 40 Summer Live jaialdiaren bira Caceresen hasi zen uztailaren 9an, eta Valladolideko Simancasen amaituko da abuztuaren 7an. Guztira, Espainiako Estatuko 22 hiritan eta herritan egingo dute jaialdia uda sasoi honetan, eta aurten ere Euskal Herriko bakarra Zarautzen izango da.
Etzikorako inguruko herrietatik jendea bertaratuko dela aurreikusi du Zarauzko Udalak, eta beste behin, tren zerbitzu berezia jartzeko eskaera egin du. Hori horrela, dena ongi bidean, tren zerbitzu berezia eskainiko du Euskotrenek gau horretan Donostia-Zumaia linean. Aurreko urteetan egin bezala, hiruna tren zerbitzu izango dira gauean zehar bi noranzkoetan. Honako orduetan aterako dira aipatutako trenak: Zarautz-Zumaia (Zarauzko geltokitik), 00:29an, 02:29an eta 04:29an; eta Zumaia-Zarautz, 00:41ean, 02:41ean eta 04:41ean.