Aurrera doaz malekoia berritzeko lanak

Ekaitz Etxabe 2026ko uztailaren 28a

Munoako hegala eta hari lotutako eskailerak eraitsi dituzte jada eta, zati batean, malekoiaren kota ere metro erdi igo dute. Obrak urte amaierarako bukatuta egotea espero da.

Malekoia berritzeko obrak ari dira izaten uda honetako protagonistetako bat Zarautzen. Ekainaren 8an kontatu zituzten Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eta Adolfo Uriarte Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendariak obren inguruko nondik norakoak eta xehetasunak. Construcciones Mariezcurrena enpresa ari da obrez arduratzen eta, aurreikuspenen arabera, urte amaierarako bukatuta beharko lukete lanek.

Obren hasierako fasean, malekoiaren kota metro erdi igotzea da helburua. Horretarako, lehenik, ekainaren 11n hasi ziren Munoako begiralekua edo hegala eraisten, eta hari lotuta doazen eskailerak kentzen. Gaur gaurkoz, lehen bi pauso horiek eman dituzte, eta hasi dira zenbait gunetan malekoiaren kota igotzen. Obrak direla eta, herritarren edo bisitarien irisgarritasunari ahalik eta gutxien eragiteko, zenbait zatitan hondarrezko aldapak egin dituzte hondartzara jaitsi ahal izateko.

Ondoren, Narros aurreko obrak egingo dituzte, eta uda igaro ondoren, irailetik aurrera, bete-betean mugilduko dira malekoian egingo dituzten lanetan: sarrerak berrituko dituzte, kota altxatuko dute bere osotasunean, akaberak egin eta abar. Botaola-hormari dagokionez, berriz, Nautiko eta Bederen kafetegien aurrean jarriko dute. Txurrukak obren inguruko xehetasunak eman zituenean azaldu zuenez, proba pilotua izango da, olatu kolpeen aurrean nolako eragina daukan ikusi nahi dutelako. Gutxi gorabehera 40 metroko luzera izango du, eta 70 zentimetroko altuera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide