Etzi izango da aurtengo Arranopola kultur ekimenaren bosgarren saioa. Oraingoan, Libe Kortazarrek eta Jon Basagurenek eskainiko dute kontzertua. Emanaldia, ohi bezala, 20:00etan hasiko da, Arrano tabernaren kanpoko agertokian.
Libe Kortazar Neubat taldean hasi zen 1998an eta, ondoren, Sorkun, Izaki Gardenak eta JP Lohian taldeetan jardundakoa da. 2014an Ihesaldi handia izeneko bakarkako diskoa atera zuen, eta bakarkako ibilbide horri jarraipena eman dio gerora, 2017an ateratako Ilargia erori da eta 2024 ateratako Azal ezten diskoekin.
Jon Basaguren, berriz, 2012an hasi zen abestiak sortzen. Ordutik, proiektu desberdin ugaritan hartu du parte, besteak beste, Izaki Gardenak taldean aritu zen. Gauzak horrela, askotan elkarrekin aritu dira bi musikariak. Etzi eskainiko duten emanaldian, Izaki Gardenak taldearen zenbait kantu entzuteko aukera egongo da. Bi musikarien ahotsak izango dira emanaldiko protagonistak, gitarrak eta teklatuak lagunduta.