Jai Alai Zarautz erremonte txapelketa, asteburuan Aritzbatalden

Intza Trula 2026ko uztailaren 29a

Erremontistak atzo, Xabier Txurruka alkatearekin eta Iñigo Goñi Oriamendiko ordezkariarekin, Jai Alai Zarautz txapelketako aurkezpenean. (Intza Trula)

Ostiralean eta larunbatean jokatuko dituzte finalaurrekoak, eta finalak igande arratsaldean izango dira. Zortzi bikotek parte hartuko dute hitzorduan. Txapelketaren antolatzaile den Oriamendi enpresak jakinarazi du azken aldiz antolatuko duela hitzordu hau.

Bosgarren urtez Jai Alai Zarautz erremonte txapelketa jokatuko dute abuztuko lehen asteburuan Aritzbatalden, Oriamendi enpresak eta Zarauzko Udalak antolatuta. Hiru egunetan jokatuko dute lehia: ostiralean eta igandean izango dira finalerdiak, eta igandean finalak. Atzo arratsaldean egin zuten ekitaldiaren aurkezpena udaletxean, eta Oriamendik bertan jakinarazi zuenez, azken aldiz antolatuko du aipatu txapelketa.

Zortzi bikotek parte hartuko dute edizio honetan, eta horiek A eta B multzotan banatuta egongo dira; launa talde izango dira talde bakoitzean, alegia. 18:30ean ekingo diete partidei hiru egunetan. Ostiralean eta larunbatean, finalerdietan, multzo bakoitzeko neurketa bana jokatuko dute, eta bertako irabazleak izango dira igandeko finaletan.

Partiden dinamikari dagokionez, azken urteetako bera izango da; hau da, 15 tantotako bi jokoz osatuta egongo da bakoitza, eta amaieran berdinketa badago, 8 tantotako joko labur bat jokatuko dute bikote irabazlea ebazteko.

Iñigo Goñi Oriamendiko ordezkaria gogotsu agertu zen txapelketaren atarian, eta eskerrak eman zizkion Zarauzko Udalari asteburua antolatzen laguntzeagatik. Horrez aparte, Aritzbatalden urtero "giro ona" topatu dutela ere azpimarratu zuen Goñik, eta esan zuen aurtengo edizioan ere horrela izan dadin desira dutela. "Ea jendea gerturatzen den eta pilotalekua betetzea lortzen dugun", zioen.

Zarauzko alkate Xabier Txurrukak ere esker hitzak izan zituen Goñirentzat zein Oriamendirentzat: "Eskerrik asko beste urte batez erremontea zarauztarrei gerturatzeagatik, baita kirol hori zabaltzeko egiten duzuen lanagatik ere". Alkatearen hitzetan, "sorpresa atsegina izan da urtez urte Aritzbataldeko frontoia nola betetzen den ikustea".

Sarrerak

Asteburuko partidak ikustera joateko sarrerak salgai daude jada Gran Camping eta Talaimendi kanpinetan. Horrez gain, azken edizioetan bezala, gonbidapenak eskuratu ahal izango dituzte herritarrek: horiek Turismo Bulegoan eskuratu daitezke dagoeneko. Halaber, txapelketa lehen aldiz emango dute telebistan, ETB1en, igande iluntzean.

Horrenbestez, ondorengoak dira ostiraleko eta larunbateko gurutzaketak:

Uztailak 31, ostirala

  • B multzoa: Martixpe-Aiestaran vs Deskarga-Eskudero.
  • A multzoa: Aldabe-Barrenetxea IV. vs Goikoetxea V.-Azpiroz.

Abuztuak 1, larunbata

  • B multzoa: Susperregi-Goikoetxea VI. vs Aiestaran VII.-Ugarte II.
  • A multzoa: Segurola-Juanenea vs Ezkurra II.-Larrañaga.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide