Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak herritarren "eskuzabaltasuna" txalotu du

Intza Trula 2026ko uztailaren 28a

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko kide bat, uztaileko diru bilketan, Zarauzko malekoian. (Minbiziaren Aurka Gipuzkoan)

Uztailaren 18an eta 19an egindako diru bilketan 4.332,34 euro bildu zituen Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak. Bildutakoa ikerketa onkologikorako eta doako zerbitzuak sustatzeko erabiliko dute, besteak beste.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak herritarrek proiektuarekiko erakutsitako "eskuzabaltasuna" eskertu nahi izan du. Izan ere, uztailaren 18an eta 19an diru bilketa egin zuen elkarteak Zarautzen, eta herritar ugari bertaratu zen laguntzera: hain zuzen, 4.432,34 euro bildu zituzten.

Diru bilketaren helburuetako bat izan zen gizarte osoak minbizia duten pertsonei babesa ematea; hau da, ikertzaileekin, osasun-langileekin, boluntarioekin, psikologoekin eta gizarte-langileekin konpromisoa hartzea, eta ikerketa onkologikorako dirua biltzen laguntzea. Era berean, urtero antolatzen duten ekimen honen xedea da herritarren artean elkartearen presentzia handitzea, eta elkarteak egunetik egunera pazienteen eta hauen senideen onurarako egindako lana ezagutaraztea.

Hainbat boluntariok parte hartu zuten diru bilketan, eta, horregatik, herritarrei ez ezik boluntario horien lana ere goraipatu du Minbiziaren Aurka Gipuzkoak: "Eskerrik asko ekimen honetan eta beste batzuetan parte hartuz elkartea bultzatzeko egiten duzuen lanagatik".

Ikerketarako eta doako zerbitzuak sustatzeko

Diru bilketan lortutakoa ikerketa onkologikoarekin lotutako proiektuen finantzaziorako, pazienteak eta hauen senideak artatzeko programarako, eta gaixotasunaren prebentziorako eta detekzio goiztiarreko kanpainen jarraipena egiteko baliatuko dute. Halaber, elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuen doakotasuna mantentzeko ere ezinbestekoa izango da.

Elkarteak gogorarazi du egun horretan dohaintza egiteko aukerarik izan ez zutenek oraindik ere horretarako aukera dutela honako lotura honetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide