Martxan da hirugarren Zarautz Futsal Cup txapelketa

Ekaitz Etxabe 2026ko uztailaren 25a

Hirugarren aldiz ari dira jokatzen areto futbol txapelketa herrikoia. 09:00etan eman diote hasiera txapelketari, eta bihar arratsaldean amaituko da. Azken edizioan baino sei talde gehiago ari dira lehiatzen aurtengoan.

Goizean goiz eman diote hasiera aurtengo Zarautz Futsal Cup txapelketari. Hirugarrenez ari dira jokatzen ZKEko Areto Futboleko atalak antolatzen duen areto futbol txapelketa herrikoia. Aurtengoan, gainera, hiru edizioetako harrerarik onena izan du txapelketak, 27 taldek eman baitute izena; azken edizioan baino sei gehiagok.

Hori horrela, 09:00etan hasi da txapelketa, eta 21:00 bitartean, multzoen fasea jokatuko dute. Aritzbatalde kiroldegian eta Lizardi kirol aretoan ari dira partidak jokatzen. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak Ligako fasera sailkatuko dira, eta gainerako guztiak Kopako fasera. Bihar jokatuko dituzte Ligako eta Kopako kanporaketak, 09:00etan hasita. Finalak, berriz, arratsaldean izango dira: 16:00etan Kopakoa eta 16:35ean Ligakoa, biak Aritzbatalde kiroldegian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide