Margotze lanak egin dituzte dagoeneko Aritzbatalde pilotalekuan, eta, beraz, prest dago frontoi eraberritua. Zarauzko Udalak aipatu instalazioaren irudia berritu nahi izan du, eta horretarako herriko kirol gune erabilienetako bat den frontoia gris ilunez margotu du; orain arte, kolore berdea zuen.
Udalak herritarren iritziak entzunda hautatu du pilotalekuaren kolore berria. Izan ere, erabiltzaileen artean inkesta bat zabaldu zuen, eta gehiengoak hautatu zuen kolore hori. Zehazki, botoen %87 jaso zituen gris ilunak.
Inaxio Illarramendi Kirol zinegotzia pozik agertu da bai lanen emaitzarekin eta baita herritarren parte hartzearekin ere: "Pilotalekua berritu nahi genuen, baina erabiltzaileek erabakian parte hartzea ere garrantzitsua iruditzen zitzaigun. Inkestaren emaitza oso argia izan zen, eta gehiengo zabalak aukeratutako kolorea errespetatu dugu". Illarramendiren hitzetan, "pilotalekuak irudi modernoagoa eta zainduagoa du orain, jasotzen duen erabilerarekin bat datorrena".
Eraberritze lan horiei lotuta, zinegotziak esan du Zarauzko kirol instalazioak "hobetzen" jarraituko dutela, "egunero erabiltzen dituzten pertsonak entzunez". Era berean, udalak eskerrak eman dizkie inkestan parte hartu duten pertsona guztiei, eta instalazioa zaintzeko eta egoera onean mantentzeko lankidetza eskatu die erabiltzaileei.