Uztaileko XII. azoka antolatu du Nahia elkarteak astebururako

Ekaitz Etxabe 2026ko uztailaren 24a

Ekaineko artisau azoka. (Enara Ariznabarreta)

Bihar eta etzi egongo da zabalik Nahia Zarauzko artista eta artisauen elkarteak antolatzen duen uztaileko azoka. 10:30etik 20:30era bitartean egongo dira postuak zabalik, Galtxagorri elkartearen parean.

Artisautza, sormena eta tokiko produktuak izango dira protagonista bihar eta etzi Zarauzko malekoian. Nahia Zarauzko artista eta artisauen elkarteak antolatzen duen uztaileko XII. azoka egingo dute. 10:30etik 20:30era bitartean egongo dira postuak zabalik, Galtxagorri elkartearen parean. Ekitaldiak hainbat artisau eta sortzaile bilduko ditu, bisitariei kalitatezko eskulanak, tokiko produktuak eta artisauen lana gertutik ezagutzeko aukera eskainiz.

Antolatzaileen esanetan, azokaren helburua artisautza "sustatzea", tokiko ekoizleei "ikusgarritasuna ematea", herritarrei zein bisitariei giro "atsegina" eskaintzea da. Ohi bezala, askotariko produktuak egongo dira salgai azokan: bitxiak, zeramika, ehungintza, zura, larrua, kosmetika naturala, eta eskuz egindako beste hainbat lan.

Ohikoa den moduan, azokan erosketak egiten dituzten bezeroek sari bat irabazteko aukera izango dute. Egun bakoitzean zozketa bana egingo dute eta, oraingoan, Iruña jatetxean bi pertsonentzako jatordua zozketatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide